EHEko kideek etxeko lokalizazio iraunkorretik euskaraz bizitzeko nahia zabalduko dute

Guaixe 2013ko aza. 5a, 11:15

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleko kide Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Aldak azaroaren 23an eta 24an etxeko lokalizazio iraunkorrera eta isun ekonomikoa ordaintzera zigortuak izan dira (aurretik 6.000 euroko isuna ordainduta dute). Biek ere jakinarazi dute zigorra Gure Etxea eraikinean beteko dutela. Eta gonbitea luzatu dute bi egun horietan haiekin bat egiteko: "Gure Etxea eraikinetik atera gabe pasatu behar ditugun bi egun horietan euskaraz bizitzeko nahia berretsiko dugu eta guztion artean Altsasun zein Euskal Herri osoan euskaraz bizitzeko nahia ozen entzutea lortuko dugu!" Bi egun horietarako egitaraua prestatzeko, etzi batzarra eginen da Gure Etxea eraikinean, 19:30ean. Kolonialismoa Duela bi urteko Ezabatu eta Euskaraz Bizi dinamikaren baitan identifikatu zituen Foruzaingoak Claver eta Ramirez de Alda. Ondoren etorri den auzi-bidearen ondorio da aipatu zigorra. Makina bat sakandarrez babestuta (tartean ziren Arbizuko, Etxarriko, Altsasuko udaletako eta Mank-eko ordezkariak) adierazi zuten euskaraz bizi nahiagatik izan direla epaituak eta zigortuak. Halako zigorren iturburua "euskara, euskaldunak eta euskal herritarrak azpiratzea helburu duten borondate politikoetan eta marko juridikoetan" dagoela adierazi zuten. Espainia eta Frantziako konstituzioak euskaldunak jokoz kanpo kokatzeko tresna nagusiak direla eta haietatik eratorritako hizkuntza politikak muga horien isla direla ziurtatu zuten. EHEko kideek ziurtatu zutenez, "kolonialismo garaian bizi gara oraindik: derrigorrez ezagutu beharreko erdal hizkuntzak, hezkuntza sistema arrotzak, administrazioarekin harremana izateko hizkuntzak eta abar inposatzen dizkigute". Euskaldunak behe mailako herritar izatera kondenatuak garela nabarmendu zuten. "Euskaraz bizitzea desobedientzia den bitartean desobedienteak izanen gara, jarrera hori babestu eta bultzatuko dugu, eta jendartea ere bide horretan urratsak ematera deitu nahi dugu".