Saiz finalera iritsi zen

Guaixe 2013ko azaroaren 14a

Espainiako edertasun erregina Sofia del Prado (Gaztela-Mantxa) izendatu zuten ostiralean Fuengirolan. Jorge Esteban Martinek (Gaztela-Leoi) eskuratu zuen gizonezkoen saria. Aragoi ordezkatuz parte hartu zuen Natalia Saiz altsasuarra bederatzi finalisten artean sailkatu zuen. Saizek " oso pozik" aitortu digu ez zuela bederatzi onenen artean egotea espero. "Finalera pasa zirenen erkidegoaren izenak alfabetikoki esan zuten. Aragoi saltatu zuten eta behera egin nuen. Baina bukaeran esan zuten". Gainontzeko hautagaiekin oso ongi moldatu dela eta familia baten moduan ibili direla azaldu digu. "Lagun talde gisa ibili gara, antolakuntzak ere esan digu sekulako talde onena izan garela". Altsasuarra modaren arloan lan egiteko asmoarekin joan zen Fuengirolako galara eta zenbait kontaktu egiteko baliatu ahal izan du. Saizek kontatu digunez, Lucas Balboak, Tenerifeko diseinatzaile eta artistak, telebistarako balio lezakeela esan zion. Alejandro de Miguel diseinatzailearekin ere harremanetan izan zen altsasuarra. Saizek badaki moda arlotik ezezko asko jasoko dituela eta haietatik ikasteko prest azaldu da. Fuengirolan eman duen aste luzean, aurreko ostiraleko gala prestatzeko behin eta berriz desfilatu behar izan zuen, gainera, lehiaketako babesleak ere bisitatu behar izan zituen eta leher eginda bueltatu zen etxera, atseden eske. Baina berehala ikasten eta saskibaloian entrenatzen hasi da.