Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko udaletxera bueltatuko da Espainiako bandera. 90. hamarkadatik ez da egon eta orain Ikurren Legea betearazten duen epai baten ondoren bueltatuko da. Atzo Altsasuko Udalak Bilduk, Geroa Baik eta Aralarrek aurkeztutako mozioa onartu zuen (PSN eta IU abstenitu egin ziren eta UPNk kontra bozkatu zuen). Udalak adierazi zuen Espainiako bandera "Altsasuko gizartearen gehiengoaren nahia eta borondatearen kontra" bueltatzen dela udaletxera. Nafarroako Auzitegi Gorenak emandako epaiak behartzen du udala Espainiako bandera udaletxean jartzea eta udala epaiarekin ezadostasuna adierazi zuen. Mozioan adierazten da Altsasun hainbat identitate sentimendu daudela eta bandera horrekin edo beste batekin identifikatzen direnekiko errespetua adierazi zuten. "Horregatik, hain zuzen, errespetagarriak diren sinbolo batzuk beste batzuen gainetik inposatzearen kontra azaltzen gara". Mozioa aurkeztu zuten alderdiek adierazi zuten ez zirela kolore horiekin ordezkatuak sentitzen. Mozioaren berri emanez bandoa zabalduko du udalak. Aldi berean, bandera jartzen denean udaletxeko fatxadan Inposiziorik ez dioen kartela jarriko du. Udalak, bestalde, "inposizio berriari arbuioa azaltzeko" deitu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditu altsasuarrak.