Onddo gutizien ordua

Guaixe 2013ko azaroaren 21a

Hirugarren urtez Xurrutek, Altsasuko tabernen elkarteak, Onddoen Astea antolatu du. Herritarren artean dagoen mikologi zaletasunari erreparatuta otu zitzaien Xurruteko kideei eskaintza egitea eta basoko produktua tabernetako barrara eramatea, sukaldetik pasa ondoren. Arkangoa, Gautxori, Koxka, Lurrazpi, Urtzi eta Xume tabernetan dastatu ahalko dira onddo gutiziak. Pintxo bana bakoitzean eta guztiak bi eurotan. Onddo pintxo horietakoren bat dastatzen dutenek zozketa batean sartuko dira. Hala, Osasuna edo Laboral Kutxa taldeen partida bana ikusteko bina sarrera bikoitz zozketatuko dira. Horrekin batera, Iortia kultur gunean zinema ikusteko 10 sarrera bikoitzen zozketa ere izanen da. Maiatzeko Gurutzearen aurretik elkarteak antolatzen duen pintxo astearekin batera, altsasuarrek bere egin duten beste hitzordu bat da Xurruten proposamena.