Pintxo solidarioak Kaixon eta Akelarren

Guaixe 2013ko aza. 22a, 10:55

Altsasuko Kaixo eta Akelarre tabernek ANFAS fundazioarekin bat egin dute eta pintxo solidarioak eskainiko dituzte gaur, ostiralean, arratsaldez. Saltzen dituzten pintxo guztien zenbatekoa Anfas elkartera bideratuko dute. ANFAS garapen ezgaitasuna eta ezgaitasun intelektuala duten pertsonen elkartea da. Nafarroan ezgaitasuna duten 1.300 pertsona atenditzen ditu, horietatik 722 haur eta gazte. Krisiaren eraginez pertsona hauek beharrezkoak dituzten zerbitzuengatik pagatu beharreko kuotek gora egin dute eta ANFAS-ek gaineratu duenez, berez prekarioa den egoera sostengaezina bihurtzen ari da. Diario de Navarra Fundazioak, "Bizitza autonomoak estimulatuz" kanpainaren bitartez ezgaitasunen bat duten haur eta gazteen errealitatea eta egunerokotasuna nola den ezagutarazi nahi dute, eta, bestetik, diru bilketa egin nahi dute, "bokata solidarioa" ekimenaren bidez. Ekimen honekin bat egin dute Altsasuko Kaixo eta Akelarre tabernek, eta gaur arratsaldean saltzen dituzten pintxo guztien zenbatekoa ANFAS-era bideratuko dute.