"Euskaraz bizitzea desobedientzia bada desobedienteak izango gara"

Guaixe 2013ko aza. 26a, 08:43

Larunbata arratsaldean 300 bat euskaltzalek Sakanako EHE-ko bi kideei elkartasuna eta euskaraz bizitzeari "zigorrik ez" aldarrikatu zuten Altsasun egindako manifestazioanDuela bi urteko EHE-ko Ezabatu eta euskaraz bizi! ekimenean parte hartu zuten Itziar Claverrek eta Haizea Ramirez de Aldak. Foruzaingoak identifikatu zituen eta "irregulartasunez" beteriko epaiketa ondoren trafiko seinaleak ezabatzeagatik 6.000 euroko isuna eta bi eguneko etxe lokalizazio iraunkorra betetzera zigortu zituzten. Claverrek eta Ramirez de Aldak Gure Etxea eraikinean pasa zuten "zigorraren" 48 orduak, baina euskaraz bizitzaren aldarrikapena bihurtu zuten epaia. "Zigor honek ez gaitu kikildu, ez du gure jarrera apur bat ere higatu". Epaiari buelta eman eta euskaraz bizitzeko hautua hedatzen jarraitzeko erabili dute zigorra Claverrek eta Ramirez de Aldak. Ostiraleko gauerdian Gure Etxean sartu ziren eta domeka gauerdian atera ziren. 48 ordu horietan "ez gara espaloitik jaitsiko" aldarrikatzeko erabili zuten. Elkartasun zeinuak ez ziren falta izan. Larunbatean bertso bazkarian 70 lagun bildu ziren eta arratsaldeko Euskaraz bizitzeari zigorrik ez. Ezabatu eta euskaraz bizi! leloa zuen manifestazioan 300 bat pertsona bildu ziren. Manifestazioa akaberan Claver eta Ramirez de Alda Gure Etxeko balkoira atera ziren eta "espaloian tinko jarraituko" dutela azpimarratu zuten. Gizartea bide horretatik urratsak ematera deitu zuten: "Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasa behar gara". Euskaldun eta euskaltzale "pasiboaren figura" ez datorrela bat haiekin gaineratu zuten.Egun "arraroak" izan ziren, Claverren hitzetan, baina "gelditu gabe" egon ziren eta ez zuten han egotearen sentzaziorik izan. Itxialdia hasi aurretik hainbat ekimen antolatu zituzten, baita "atxiloaldian" ere. Larunbateko manifestazioaren ondoren pintxo poteoa, kontzertuak eta karaokea izan ziren. Igandean photoshop ikastaroa eta Eneko Garaialde Desobedientziatik intsumisiorantz bide bat hitzaldia eman zuen. Arratsaldean elkarretaratzea egin zuten. Asteburuan zehar izandako babesa eta jendearen parte hartzea goraipatu zuten bi euskaltzalek.