Zigilua, prozesua eta interakzioa erakusketa abenduaren 1etik 23ra arte, astegunetan, 18:30etik 21:00etara eta, domeketan, 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean Itziar Nazabalek bere margolanak sortzeko estilo bat, zigilu bat opatu zuen aspaldi: leherketak. Koadro baten sortze prozesuan lehen lehenik sentimendu, mantxa eta testuren leherketa egiten du. Eta oihal gaineko zipriztin horiek oinarri hartuta sortzen du margolana Nazabalek. Teknika hori erabiliz Marokoko arkitekturak eta leku bitxiak margotzen hasi zen. "Iritsi zen momentu bat leherketa hori bera bakarrik ederki lan egiten zuena eta obra abstraktuak sortu nituen. Inoiz pentsatu ez nuena", azaldu digu margolariak. Eta handik biluzien eta pasioaren isla diren koadroetara pasa zen. Emakumezkoen posturak, gizonak, bikoteak eta sexua biltzen dituen sail horren zergatiaz galdetuta, Nazabalek azaldu digu "teorian denok esaten dugu denok oso libre, irekiak garela. Baina, egia esanda, ez gara ausartzen eta ez dugu normaltasunez hitz egiten. Ni neu barne. Horregatik, hasi nintzen gai hau lantzen. Nabaritu nuen gai hau landu nahi nuela eta, gainera, normaltasunez. Hori nire obran islatu nahi nuen. Artera eraman nahi nuen. Nik uste era sentsual eta erotiko batean". Teknika horren garapena hiru sail horietan ikusteko aukera izanen da Iortia kultur gunean, baina bereziki biluzi eta pasio sailekoak, horiek ez baititu herrian erakutsi. Haiekin batera, sail horietako koadro txikiak ere izanen dira, edozein poltsikorako eskuragarri direnak, Nazabalek uste baitu arteak denon esku izan behar duela. Erakusketako bosgarren atala bidaietan Nazabalek akuarelaz egindako lanak izanen dira ikusgai. ProzesuaErakusketako koadro askoren aldamenean margolariak hura sortzeko idatzitako oharrak, egindako argazkiak eta beste erakutsiko ditu zenbait muraletan. Obraren nolabaiteko making off-a. "Maitasun handiz egiten ari naiz hori. Bai pertsonalki bai artista moduan, asko edo dena erakusten dela. Koadro bakoitzak bere anekdota, bere gauza dauka".Parte hartzeko gonbiteaOihal handi bat egonen da. Jendearen kolaborazioa eskatzen dut eta nire sortze prozesuko lehen pauso hori, leherketa, egiteko. Jendeak sentitzen duena egin dezala. Berdin du non bota nahi duen mantxa, nola, testura... Horretarako han material batzuk egonen dira. Hori bai, joan zaitezte zikintzeko aproposa den arroparekin. Une hori oso garrantzitsua da.Abenduaren 12an, ostegunean, 23:00etan (pintxo potearen ondoren). Gero niretako ez da batere erraza izanen. Etxean leherketak neurri batean bideratu ditzakedalako. Hemen ez. Jende askok bideratuko ditu leherketak. Ez dakit zer eginen dudan. Leherketa ikusi arte. Buruari eman beharko diot. Kaleak izanen direla suposatzen dut. Biluziak lantzeko prozesua aldrebes baita. Lehenik ikatz-ziriekin biluziak landu eta ondoren leherketa doa. Zuzenean margotuko dut erakusketan eta jendeak ni lanean ikusteko aukera izanen du. Presioa da niretako baina oso polita ere bada. Abenduaren 16tik 22ra, 20:00etatik 22:00etara. Irantzu Gonzalez dantzariak sala eta koadro artean dantzan mustuko du erakusketa. Azalpenak emateko prest izanen da Nazabal aurreneko egunetik. Abenduaren 1ean, domekan, 18:30ean.