Altsasuko Barricarte herri lasterketa ate joka

Guaixe 2013ko azaroaren 29a

Altsasuko Zubeztia elkarteak Altsasuko Udalaren laguntzarekin antolatutako Herri Lasterketak 33. edizioa beteko du aurten, eta 30. urtea izango da aipatu lasterketak Alberto Barricarte memoriala izena hartu zuela. Proba herrikoi hau, ohi denez, abenduaren 8an jokatuko da, Ama Birjina Sortzez Garbiaren egunean, igandearekin, 11:30ean. Festa eguna da, eta askorendako egutegian gorriz markatutako urteroko zita, San Silvestrearekin batera urteko azken hitzordua izaten baita korrikalari sakandarrendako. Aurreko urtean 221 korrikalarik hartu zuten parte proban, eta Ritxar Fernandezek eta Marisol Ramosek irabazi zuten. Antolakuntzak antzeko parte hartzea espero du. 12,4 kmHerrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 12,4 km osatuz. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen albotik. Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasa eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute lasterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko, eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba. www.dantzalekusakana.com Izena ematea egunean bertanIzena ematea dohainik da. Aurretik www.dantzalekusakana.com web gunean egin daiteke edo egunean bertan, lasterketa baino lehen. Bi kategoria izanen dira: 18 eta 39 urte arteko emakumeak eta gizonak, eta 40 urtetik goragoko emakumeak eta gizonak. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da.Sakanako atletismo kopako azken lasterketaLasterketa honekin, gainera, Sakanako IX. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariari bukaera emango zaio. Momentuz gizonezkoetan Javier Moreno altsasuarra da lehena, Felix Benjumea eta Juantxo Arregi atzetik dituela. Emakumezkoetan Erkuden San Martin etxarriarra da buru, Jone Pelaezen eta Ixa San Martinen aurretik.