Deklaratu ondoren, epailearen zain

Guaixe 2013ko abenduaren 12a

Ospa egunaren harira bi altsasuarrek, Garazi Urrestarazu alkateak eta Avelino Gonzalezek, inputatu gisa deklaratu zuten atzo Iruñeko auzitegian. Estatuko segurtasun indar eta kidegoak iraintzea, delitu hori egozten diete. Euren abokatuaren galderei erantzun zieten soilik. Egin beharrekoa azkar egin zuten, fiskala ez zegoelako eta epaileak galdera gutxi zituelako egiteko. Epaileak zer erabakiko zain gelditu ziren, baina asko ez dela luzatuko uste dute. Deklarazio horien kontura Sortuk ohar bidez adierazi du Guardia Zibilak gure lurrean betetzen duen helburu bakarra lege arrotzak inposatzea dela. Euskal Herriak lehen bai lehen desmilitarizazioa behar duela gaineratu du. Sortutik Altsasuko herritarren bidezko aldarrikapen eta dinamikaren kriminalizazioa salatu dute. Azkenik, Nafarroako indar politiko guztiak gonbidatu dituzte polizi eredu berri bati buruz hausnartzera.