Platerak betetzeko xarmadun kantuak

Guaixe 2013ko abe. 13a, 18:19

Larunbatean, 19:30ean eta 22:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Jasotako dirua Nafarroako Elikagai Bankuari emanen zaioEguberrien aurretik Trasteando taldearen emanaldia ohitura bihurtu da altsasuar askoren agendan. Zortzigarren urtez Cantos con encanto kantaldi bikoitza eskainiko du musika taldeak. Euren errepertorioan aski ezagunak diren atzoko, gaurko eta betiko kantuak, hangoak eta hemengoak, kantatuko dituzte. Eta, haiekin batera, altsasuarren musika memoria biziberrituko dute. Izan ere, heldu den urteko garilean aurkeztu asmo duten kantu altsasuarren bigarren bildumako ale batzuk emanen dituzte bihar Iortiako eszenatokitik. Trasteando 7 emakumek eta 6 gizonek osatzen dute. Bihar oholtzan honako musikarien laguntza izanen dute: Pedro Jimenez (perkusioa), Javi Herrero (perkusioa), Josetxo Lumbreras (perkusioa), Ekiñe Lumbreras (zeharkako txirula), Javi Martinez (tronpeta), Jesus Irisarri (tronboia eta bonbardinoa), Iñigo Goikoetxea (baxua), Karlos Sanchez (txistua eta txirula), Jorge Cordon (teklatua eta kena) eta Leire Aiestaran (akordeoia).Jakien bankurakoEntretenitu, olgatu eta bestelako funtzio prestu batzuez aparte musikak funtzio soziala izan dezake eta hala behar du. Hori uste dute Trasteando taldekoek. Horregatik, musikaren bidez, gehien sufritzen dutenei, behar gehien dutenei lagundu diezaieketela sinetsita igoko dira eszenatokira. Bigarren urtez Trasteandok elkartasun kontzertuetan biltzen den duen dirua Nafarroako Jakien Bankuari emanen dio (aurreneko emanaldiko sarrerak agortuta daude). Ongintzako fundazio independente, laiko eta irabazi asmorik gabeko erakundea da bankua. Bere egitekoa pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontra borrokatzea da. Bere egiteko nagusia enpresa eta pertsona laguntzaileek ematen dioten jakiak biltzea da. Ondoren, haiek sailkatu, bildu eta banatzeko. Nafarroan Bankuak biltzen dituen jakiak 245 erakundek banatzen dute. Altsasun, Caritas eta etorkinen komunitatea aritzen dira horretan.