Espainako Gerrate Zibilaren 70. Urteaurrena

Guaixe 2006ko uztailaren 14a

Juan Goikoetxea 1915eko ilbeltzaren 21ean jaio zen Altsasun. Akuilu deitzen zioten, aitonagandik jasotako ezizena. Liburu bat idazteko moduko bizitza izan du: Espainiako gerrate zibilean Errepublikako aldean borrokatu zuen, hasieran dinamitari eta gero pilotu, Errusian hegazkinak gidatzen ikasi eta gero. Gerra ostean bederatzi espetxe ezagutu zituen eta ondoren zerbitzu militarra egitera bidali zuten Langileen Bataloira. Bere emazte Maria Jesus Napalekin batera primeran hartu gaitu eta memoria pribilegiatua du, 91 urterekin bere bizitzako gorabeherak xehetasun osoz kontatu baitizkigu.

Nafarroak Francoren altxamenduarekin berehalakoan bat egin zuen, baina horrek ez du esan nahi nafar guztiak alde zeudenik. Altsasun, esaterako, 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak 902 boto lortu zituen, eskuinak 480 eta nazionalistek 41. Nahiz eta ezkertiarra izan, Altsasuk ez zuen armarik Errepublika defendatzeko eta militar nazionalek herria goitik behera hartu zuten. Gau horretan 3.000 biztanle pasa zituen herritik 350 gizon eta emakumek jo zuten Gipuzkoa aldera, eta hurrengo egunean beste 200 atera ziren.

Nola harrapatu zintuen 1936eko uztailaren 18ak?
Altsasun. Fundizio batean egiten nuen lana. Aita errepublikarra zen eta ni ere bai. Egun horretan altsasuar askok herria utzi genuen, gure etxetik aita, nire anaia Julian eta hirurak joan ginen, Gipuzkoa aldera. Eibarrera armen bila joateko prest zegoen jendez gainezka zegoen Beasain. Han galdetu ziguten ea gutako nor legokeen prest boluntario borroka egitera joateko eta ni besoa jaso nuen aurrenetakoa izan nintzen. Oso argi nuen. Hala ere, aste bateko kontua zela pentsatzen genuen, ez genuen uste hainbeste iraungo zuenik. Bi kamioi oso joan ginen altxatua zen Loiolara. Orduan aitaren ahotik jakin nuen anaia Tolosan hil egin zela, eta geroago aita Karrantzako frontean hil egin zen.

Non ibili zinen borrokan hasieran? Zein batailoitan aritzen zinen?
Loiolatik Andoainera eraman gintuzten eta Berabieta mendian "El Bala Roja" izeneko zutabea osatu genuen 200 pertsona inguruk. Handik Tolosako Uzturre mendira eraman gintuzten. Erreketeen fronte bat zegoen eta hura hartu genuen. Andoaingo bat zegoen zutabean, hura lehenago Afrikako gerran egona zen eta bonbak nola bota erakutsi zigun. Ni gerrate zibileko fronteetan dinamitari lanetan aritu naiz beti, bonbekin, ez nuen fusil bat hartu. Iruneko bidea hartu genuen, San Marcialeko ermita hartzera joateko, erreketeak baitzeuden. Borrokaren ondoren Goyo Aznar altsasuarra eta ni bakarrik gelditu eta Irungo hilerrian ezkutatu ginen, Francoren tropak Irunen baitzeuden. Iparraldera pasatu nahi genuen. Bidasoa ibaira salto egin eta erdian nengoenean bi tiro bota zizkidaten, gertu. Baina ongi nekien igerian eta ibaia zeharkatzea lortu nuen, Iparraldera helduz. Gero jakin izan nuen Goyok Iparraldera jendez beteta zegoen ontzi batetan igotzea lortu zuela.

Iparraldean zeundela atzera ere gerrako frontera heltzea zen zure helburua?
Nik argi nuen Bartzelonara pasa nahi nuela, nire kideekin atzera era borrokatzeko, eta hala egin nuen. Han brigada euskal-kataluniarraren kide egin nintzen, eta "40 brigada mistoa" izeneko batailoia edo zutabea osatu genuen, emakume eta gizonezkoekin. Aske zegoen Madrilera bidali gintuzten. Gauean harreman sexualak egoten ziren gizon eta emakumezkoen artean eta gerra egoeran hura fundamentua ez zenez bi egun eta gero neskak eraman zituzten. Gure brigada Sierra de Fresnora bidali zuten, Lopez Tienda nazionalaren zutabea bertan zegoelako, eta hura hartu genuen. Ondoren Pelaioseko frontera eraman gintuzten eta bertan Goyo Aznarrekin elkartu nintzen. Sichar komandanteak esan zigun 40 boluntario behar zirela Gredoseko mendikateko frontera joateko, izena eman eta 45 egun egin genituen bertan. Borrokaldi gogorrak izan ziren. Orduan Pelaios etsaiaren esku erori zela jakin genuen. Menditik barna Chapineriasera heldu eta Bruneten Funker 88 cuatrimotor hegazkinarekin erasoa egin ziguten frankistek. Bohadillara oinez joan nintzen eta altoa eman eta kontsigna eskatzerakoan Basas tenienteak ezagutu eta ongietorria egin zidan. Handik atzera ere Madrilera eraman gintuzten.

Beldurra pasatzen al zenuen frontean borrokan zeundela? Beldurra? Nola pasako duzu?
Alde batetik uste duzu hil behar zaituztela, eta bestetik zu ere kontrakoa erasotzera zoaz. Hori horrela dela badakizu, eta ez duzu pentsatzen.

Madrilgo fronteetako borrokaldiak latzak izan ziren?
Bai. Madrilgo Ciudad Universitaria, Moncloa, ia guztia botata zegoen, etsaiaren bonbak zirela eta. Jose Zelaia altsasuarra Irungo Juanito Fernandez kapitainarendako "matxaka" lanetan zebilen. Harekin topo egin eta gurekin zetorrela esan zuen, eta nahiz eta ezetz esan etorri zen. Tiro batekin akatu zuten. Borroka oso gogorrak izan ziren bai Moncloan eta bai beherago, Cascadan. Pentsa, Moncloan, gure taldeko 109 kideetatik gehienak hil zituzten. Ordurako pilotu ikastarorako izena emana nuen...

Zergatik erabaki zenuen pilotu ikastaroa egitea?
Gobernuak Errepublikarako pilotuak eskatu zituelako. 2.000 inguruk eman genuen izena eta Aire Ministerioan azterketa egin behar izan genuen. Kultura, geografia eta matematika galderak egin zizkiguten eta nik hori guztia ikasia nuen. 200 gaindituen zerrendan lehendabiziko tokian nengoen, gainera! 1938ko ilbeltzean Aire Ministeriotik deitu zidaten Errusiara bidean jarri behar nuela. Hor banandu nintzen Goyorengatik eta gainontzeko kide eta lagunengatik. Geroago Madrilen hil zen Goyo, frontean.

Errusian ehiza hegazkinak pilotatzen ikasi zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Oso ona. 8 hilabete eman nituen. Errusiera dexente eta bertako militar disziplina ikasi nituen. Hiru irakasle izan nituen. oso onak, eta asko ikasi nuen haiekin. Ikasle onenetarikoa izan nintzen, gainera. Policarpov 1-16 ehiza hegazkinak pilotatzen ikasi nuen, Mosca ezizenez ezagutzen zirenak, eta baita Txatoak eta Katiuskak. Moscak garai horretan munduko hegazkin onenetarikoak ziren. Izugarri gustatzen zitzaidan hegazkina pilotatzea. Gidatzea erraza da baina mugimenduak oso ongi koordinatu behar dira. Nik Espainian inork egin ez zuena egin nuen: aurrera joan eta atzera egitea, Perivarov izena duen maniobra, Errusiako irakasle batek erakutsitakoa. Oso maniobra zaila zen, gaur egun debekatuta dago. Taikin ezizena jarri zidaten Errusian, nire gerra ezizena izan zen. 1938ko urriaren 14an ofizial graduazioa lortu nuen.

Gerrate zibilera buelta egin zenuen, oraingoan errepublikako pilotu.
Leningradotik Frantziara eta handik Bartzelonara, Valseko abiazio eremura heldu nintzen eta berriro gerran murgildu nintzen, airez. Abiazio alferez kargua nuen, eta V. Konpainian aritu nintzen, Mosca hegazkinekin, besteak beste Ebron borrokatuz. Borrokaldi gogorrak ziren. Tiro bat jo zidaten besoan, eta tarte horretan desagertu ziren nire konpainiako pilotu gehienak. Gerratea bukatzen zela ikusten zuten eta askok Frantziara egin zuten ihes. Beste batzuk - zortzi edo hamarren bat- hemen gelditu ginen.

Non harrapatu zintuen gerraren bukaerak?
Murtziako San Javierko abiazio eremuan geunden, ohean. 8 pilotu ginen. Sarjentu batek pistola buruan jarri zidan, pistola non nuen galdetuz. Burukoaren azpian hura hartzera nindoala pistola gehiago estutu zidan. Desarmatu gintuzten. Tabares pilotuari esan nion: hegazkina hartu eta goazen hemendik ihesi, sukaldariak eta langileak hartuz! Baina hegazkinei helizeak eta karburagailua kendu zizkieten. Uniformea eta enblema guztiak kendu eta Gobernuak oparitu zidan erlojua ere kendu nahi izan zidaten, baina hori egin baino lehenago erlojua soro batera bota nuen, haiek har ez zezaten.

Bederatzi espetxe ezagutu zenituen...
Hiru urte egin nituen gerrate zibilean, urte eta erdi lurrez eta beste urte eta erdi airez, eta gero bi urte eta erdi egon nintzen preso Murtzian, Cartagenan, Alicanten, Madrilen, Iruñean... Gose eta hotz ikaragarria pasatu genuen. Sarritan ez genuen ezer jateko eta tipulak eta arbiak ematen zizkiguten. Gainera, askotan gure kideak nola fusilatzen zituzten ikusi behar izaten genuen. Guztia zegoen arkakuso, zorri eta arratoiz beteta. Cartagenan 4.000 preso geunden eta tartean 17 pilotu. Behin patioan Errusian egon ginenak "paso al frente" egiteko esan zigun koronel batek. Garbituko gintuztela pentsatu genuen. Errusieraz bagenekien galdetu eta orden militarrak esanez desfilatzeko agindu ziguten, hutsik zeuden fusilak emanez. Nireak bala bat zeukan eta hala esan nion koronelari. Txundituta gelditu zen bera tirokatu ez nuelako. Harrituta gelditu ziren erakustaldiarekin. Nire aitaren heriotza agindu zuen Yague generala ere deitu zuten, gu errusiar moduan desfilatzen erakusteko.

Espetxetik etxera buelta eta gero Langileen Bataloira. Nolakoa zen egoera?
Errepublikanoei ez ziguten lanik eskaintzen, "gorriak" ginelako. Eskuinak nahi zuena egiten zuen: autoak, irrati aparatuak, izarak, altzairuak... denetatik errekisatzen zuten. Irakasle batzuk kanporatu eta jendeari umiliazioak egiten zizkieten, esaterako emakumeei ilea zerora moztu eta herriko plazan desfilarazi, errizino- olioa hartzera behartu ondoren. Berehala Langileen Bataloira bidali ninduten zerbitzu militarra egitera. Urte eta erdi igaro nuen, lan gogorrak egiten, tartean Plentzia inguruetan zubi bat eraikitzen. Ez dut gogoratu ere egin nahi!

Langileen Bataloitik bueltan lana topatzeko zailtasunak izan zenituen?
Altsasun inork ez zidan lana ematen eta han hemenka ibili ondoren Lakuntzako Cerrajeran lortu nuen lana. Baina langile guztiei 25 pezetako jornala ematen zieten eta Antonio Oraa eta niri 17, gerran errepublikanoen bandoan ibili ginelako. Nagusiak lana eman zigun baina faxista hutsa zen. Gurea diskriminazioa zen. Bi urteren buruan lana utzi, Bartzelonara joan eta lan ona topatu nuen. Altsasura bueltan, ezkondu, familia sortu eta balantzak egiteko lanbidean hasi nintzen.

Zuk egindako lanaren onarpena Franco hil eta gero jaso zenuen, Abiazio Komandante izendatu zintuztenean...
Franco hil zenean pilotu moduan errekonozitu gintuzten, Abiazio Komandante izendatuz. 80. hamarkadan izan zen hori, borroka luze baten ondorioz, izendapen hori egitea nahi ez zuen jendea baitzegoen. Baina nazioarte mailan egindako borrokari eta Mata pilotu errepublikarrak Kataluniako apaiz batekin egindako lanari esker lortu ahal izan zen. Suarezek Gutierrez Melladorekin gobernua osatu zuenean azken honek eskaera aintzat hartu eta Espainiak Errepublikako pilotuak errekonozitu zituen. Eta pilotuena ez genuelako kobratu 6 urtekoa ordaindu ziguten. Gerora ere hegazkinekiko zaletasuna izan dut, eta hegazkinak pilotatzen jarraitu nuen. Hegazkinei buruzko artikuluak eta liburuak irakurtzen ditut, eta gehienak ezagutzen ditut. Gerratea, espetxea, Langileen Bataloia... oso gogorrak izan ziren, baina bueltan jasandako umiliazioak akaso okerrena izan zen.

Gerran hildako 301 sakandarrak:
Espainiako Gerra Zibilak Sakanan arrasto handia utzi zuen. Gerrak utzi zituen hildakoen zerrenda hona ekartzearekin arrasto horren tamaina nabarmendu nahi izan dugu. Alde batean, alde errepublikanoan hildakoak (134) ageri dira eta bestean, alde nazionalekoak (167) daude. Bi zerrendak osatzeko bakoitzaren akaberan aipatzen den liburuetara jo dugu. Dokumentuak: Espainiako Gerrate Zibilean afusilatutako, retaguardian hildako, kartzeletan hildako eta errepublikako frontean eroritako sakandarrak: 134 Errepublikaren kontra altxatu zen ejertzitoan hildako Sakandarrak