"Saltzeko asmoz txakurrak hazten dituen hazlea ez da hazlea, txakur gurutzatzailea baizik"

Guaixe 2007ko mar. 2a, 00:00
Andoni Beramendi Espinosa bere txakurretako batekin exposizio batean.

Andoni Beramendi Espinosa altsasuarrak Larresalkoak izeneko Piriniotako mastin edo artzakur haztegia du.

Noiz sortu zenuen Pirinioetako mastinen Larresalkoak haztegia eta zergatik?
Betidanik gustatu izan zaizkit bertako arrazak, eta Pirinioetako mastinak bereziki. Lehenago etxean mastinak neuzkan, baina 1988. urtean jarri nuen txakur haztegia, Josean Nuñezekin batera. Gero Joseanek San Bernardo txakurrekin jarraitu zuen eta nik mastinekin. Haztegia Larresal dermioan dudanez, Larresalkoak izena jarri nion. Nire txakur guztiek bere izena dute baina guztiak dira Larresalkoakoak. Esaterako, orain dudan txakur ar bikainak Larresalkoako Ezkabarte du izena.

Zure helburua zein da, ahalik eta mastin hoberenak haztea hala ahalik eta txakur gehienak haztea, saldu ahal izateko?
Ni mastin hazlea naiz gustatzen zaidalako. Nik mastin selekzioa hazten dut, nire helburua ez da ahalik eta txakur kopuru gehiena haztea. Umealdietan oso gustuko ditudan txakurrak niretako hartzen ditut, ez ditut saltzen. Nire iritziz saltzeko asmoz txakurrak hazten dituen hazlea ez da hazlea, txakur gurutzatzailea baizik. Selekziorako hazleak bere txakurrarendako ar egokiena bilatzen du beti. Hazle ona izateko irizpidea izan behar duzu, zaletasun handia, pazientzia, denbora, dedikazioa, egunean egon behar zara eta intuizioa izan.

Txakurkume guztiak oso politak dira, baina zure haztegirako zein aukeratuko duzu?
Zein da onena, akatsik gabekoa? Gainera, zure txakurren artean gurutzaketak egiten dituzu baina noizean behin arraza berritzeko beste haztegiko txakurrekin gurutzaketak egitea komeni da, horretarako ar bikaina topatu behar delarik. Hau beste mundu bat da.

Nolakoak dira Pirinioetako mastinak?
Mastinak otsoarekin erlazioa izan du. XIX. Mendean mastin asko zeuden, otso asko zeudelako. Orduko mastinak beti artaldeak edo abereak zaintzen egoten ziren, mendian, otsoaren erasoei aurre egiteko prest. Oso agresiboak ziren, tratagaitzak, eta soilik artzainari edo ganaduari egiten zioten kasu. Lepoan karlanka izeneko burdinezko lepokoa eramaten zuten, otsoak erasoz gero lepoa babestu eta otsoak burdinezko ziztailuekin mina hartzeko. XX. mendean desagertzeko zorian zeuden baina Zaragozako Rafael Malok - Pirinioetako Mastinen Espainiako Klubeko gaur egungo lehendakariak- eta beste batzuk Pirinioetako abelburu guztiak zeharkatu zituzten, Nafarroakoak barne, geratzen ziren txakurrak biltzen, arraza errekuperatzeko.

Gaur egungo mastinak lehengo haiek bezalakoak al dira?
Ez, lehenagokoak ez ziren hain handiak eta ez zeuden horren ongi zainduak. Ia txakur basatiak ziren haiek, baina gaur egungoak edozein tokira eraman ditzakezu. Gaur egungo mastina oso txakur orekatua da: ez du beldurrik, ausarta da eta oso ongi zaintzen du zaindu behar duena. Ez da agresiboa, ez du problemarik ematen, baina oso territoriala da, zaintzaile aparta. Beraz, zaunka egiten badu hobeto kasu egitea. Fisikoaren aldetik ile luzeko txakur handia da, 70-75 kilo ingurukoa. Bi kolorekoak dira. Kolore nagusia txuria da, eta horren gainean orbanak ditu, beltzak, marroiak, harea kolorekoak, ile horiak... izan ahal direnak. Maskara (aurpegia eta belarriak) oso osorik izan behar du kolore horretakoa, posible bada erdialdean kapa txuriarekin. Zainketaren aldetik pentsua eta ura jaten dute.

Zure lehendabiziko mastinak non lortu zenituen? Mastinen gurutzaketak zure haztegiko txakurren artean egiten dituzu beti?
Lehendabiziko mastin emea Zaragozan erosi nuen, mastina errekuperatzen ibili zirenen haztegi batean. Txakurrak aukeratzeko begi ona izan dut. Ongi aukeratzea inportantea da, hortik sortuko baituzu zure haztegia. Gurutzaketak ez ditut beti nire haztegiko txakurren artean egin: haztegikoak, nire haztegietako ondorengoak eta beste haztegietakoak erabili izan ditut, noizean behin odola berritzea inportantea baita. Esaterako, Ezkabarte nire txakur arraren aita Bartzelonan zegoen. Bertara joan nintzen zoragarria zen Ezkabarteren amarekin eta txakur bikaina atera zitzaidan. Eta gero kontuan hartu behar da haztegi bakoitzeko txakurrek ezaugarri konkretu batzuk dituztela, linea konkretu bat. Eta hori ere kontuan hartu behar duzu gurutzaketa egiterakoan. Orain bi txakur ditut haztegian: Ezkabarte arra eta Urre emea. Nire haztegiaren barruan linea berria sortu nahi dut. Bizkaiko ar bat oso gustuko dut, nire haztegiko ondorengoa dena, eta erosiko dudan txakur eme batekin gurutzatu nahi dut. Berritutako linea sortu nahi dut, baina nire etxeko sustraiak dituena. Bestalde, Rocaforten dagoen Ezkabarteren seme batekin ere gurutzatuko dut txakur eme hori. Gaur egun 30 hazle inguru gaude Pirinioetako Mastinen Espainiako Klubean, baina txakur mota definitua dugun hazleak dozena erdia izango gara. Ezkabartek sari asko jaso izan ditu txapelketetan.

Txakur hezitzaileendako inportantea al da lehiaketa horietara joatea?
Ezkabarte txakur ar bikaina da. Pirinioetako Mastinen lehiaketa monografikoan askotan izan da garaile eta horretaz gain Espainiako txapelduna da eta 2002an Munduko Txapelketa irabazi zuen Holandan eta Europakoa Bartzelonan. Aurkeztu dudan txapelketa guztietatik soilik bitan geratu da irabazi gabe. Orain 7 urte ditu. Niri ez zaizkit erakusketak gehiegi gustatzen, baina derrigorrez joan behar dugu, bertan ematen ezagutarazten baituzuzeure burua hazle moduan. Eta txakur hazle baten aurkezpen karta lehiaketa horietan lortutako sariak dira. Zer da epaileek gehien baloratzen dutena?Txakurra araututa dagoen arrazaren estandarrera hurbildu behar da ahalik eta gehien. Horretaz gain oso inportantea da txakurra osasuntsua egotea, ongi mugitzea, eta ongi portatzea. Txakurra ez bada behatzen uzten atzera botako dute. Azkenik epailearen gustu subjektiboa dago, bere gustua. Larunbatean Estatu mailako XXVII. Pirinioetako Mastinen Lehiaketa Monografikoa jokatuko da Altsasun.

Zein aurreikuspen dituzu?
Mastinen lehiaketa monografiko hau Pirinioetako Mastinen Espainiako Klubak antolatzen du. Ni aipatu klub horretako kide eta Nafarroako delegatua naizenez prestakuntza lan guztietaz arduratzen ari naiz, Etxauriko Jose Manuel Mausen laguntzarekin. Niretako monografikoa txapelketa inportanteena da. Larunbatean jokatuko da, Altsasuko Burunda pilotalekuan, goizeko 10:30etik arratsaldeko seiak arte. Estatu guztitik eta baita Italiatik eta beste tokietatik etorritako txakur mastinak hartuko dute parte -katalogoan 85 txakur daude aurkeztuak- eta ikuskizun ikusgarria izango da. Sakandarrei bertara gerturatzeko gonbitea egiten diegu, dohainik da, eta ongi pasatuko dute. Txakurrak klaseka aurkezten dira (txakurkumeak, gazteak, oso gazteak, irekia, beteranoak, benerableak) eta bukaeran sariak emango dira. Sakanatik nik eta Altsasuko Larrunza haztegiko Jose Luis Calvok hartuko dugu parte. Nik beteranoetan aurkeztuko dut Ezkabarte, baina lehiaketa osoko ar onenaren saria lortzea espero dut.