Secundino Alonso Jubeto

Guaixe 2008ko api. 17a, 00:00

Noiz eta nola sortu zen Trenbideen Adiskideak elkartea?
Eraldaketa handia gertatu zen: estatu mailan trenbidea egituratu zuten, eta 5.800 langile kanporatu zituzten RENFEtik, aurrejubilazio eta halako erregulazioen bidez. Pentsa, Altsasuko geltokian 350 langile aritu ginen lanean, eta orain 48 inguru daude! Ordura arte Hermandad Ferroviaria erakundekoak ginen, eta urtero meza elizkizuna eta bazkaria egiten genuen gure patroia Divina Pastora jai egunaren harira. Baina Hermandadeko arduradunek esan zuten jai hori azkenekoz antolatuko zutela. Nik neure burua eskaini nuen bazkaria antolatzeko, pena ematen baitzidan jaieguna desagertzea. Eta horrela hasi zen guztia. Felix Adanek esan zidan oso sinplea zela soilik egun hori antolatzea eta orduan erabaki genuen Trenbideen Adiskideak elkartea sortzea, 2000. urtean. Egun 109 kide ditu elkarteak: 27 trenbideko langileak gara, eta gainontzekoak familiakoak eta elkartea babestu nahi dutenak.

Eta zergatik bururatu zitzaizuen Altsasuko tren geltokiko maketa egitea?
2000. urtean bertan trenbideari buruzko erakusketa antolatu genuen Gure Etxean. Argazkiak, trenei lotutako objektuak eta erakusketarako propio utzitako bi tren maketa jarri genituen ikusgai. Arrakasta handia izan zuen, 5.000 pertsona baino gehiago pasatu ziren bertatik. Hor erabaki genuen Altsasuko geltokiaren maketa egitea. 2003ko urrian hasi ginen, eta ez genekien horrenbeste kostatuko zitzaigunik.

Maketagintzan esperientziarik al zenuten?
Ez. Mirandako Pedro Valerok maketagintza ikastaroa eman zigun. Mirandako tren estazioan lan egiten du berak. Astean pare bat aldiz etortzen zen laguntzera eta gaur egunera arte laguntzen aritu da. Ni eta Felix Adan hasi ginen maketa egiten, biak bakarrik. Altsasuko tren geltokiak 1930. urtean zeukan itxura eman nahi genion maketari, 1950. urtean gehitu zitzaion apeadero edo geltokia, gertuko mendiak, etxeak, eta beste barne. Hiru modulu egin genituen eta orduan Gervasio Perez batu zitzaigun.Maketagintza zaila da. Maketaren oinarria zura da, eta bertan kokatzen diren etxeak eta elementuak zurezkoak eta kartoizkoak. Moztu, marraztu, pintatu... egin behar dira. Mendiak eta beste egiteko eskaiola erabiltzen da. Trenbideak eginak erosten dira, eta gero muntatzen dira. Eta beste kontua da trenak ibiltzeko behar den sistema elektrikoa eta informatikoa jartzea. Guztiaren muntaia lan handia da. Maketa egiten hasi eta urtebetez geldirik egon zineten...2004an, maketa nahiko aurreratuta zegoela, dirurik gabe geratu ginen. 3.000 euro gastatuak genituen ordurako. Ni hasi nintzen dirua biltzeko lanbidean. Bestalde, Santi Beramendi ere taldera gehitu zen, eta gutxinaka hurbildu ziren besteak: Patxi Couceiro, Jesus Benito, Jose Maria Salgado, Bernabe Notario, Fco. Javier Mazkiaran, Fernando Sayas, Matias Salazar, Guillermo Ramon... Dozena bat inguruko lan taldea gara maketan, Pedro Valero monitorearen laguntzarekin. Maketak 14 metroko luzera dauka, 24 m2ko azalera eta eskala 1/87koa da. H0ko 24 trenbide dauzka eta lurrazpiko estazio bat. Horretaz gain, baporezko makinak norabidez aldatzeko plaka dauka.

Nola funtzionatzen dute maketako trenek?
Pedro Valerok diseinatu du maketaren arlo teknikoa eta elektronikoa. Alde batetik, ordenagailu bidez ibiltzen da. Programa informatiko berezia duten bi ordenagailu dauzka gure maketak, eta programa martxan jarriz gero, hasieran makina bat ateratzen da, trenbide garbitzailea duena. Trenbide guztietatik bi aldiz pasatzen da, eta bukatzerakoan, orratz automatikoak aldatzen dira eta makina topea duen bide motz batera sartzen da. Orduan lehendabiziko trena hasten da zirkulatzen, eta gero besteak. Programatuta dagoenaren arabera trenak bakarrik ateratzen dira trenbidetik beste bideetara eta horrela. Bestalde, eskuzko aginte-panel baten bidez maneiatu daiteke ere maketa.Guztira zazpi tren dauzkagu. Denak dira elektrikoak, utzi dizkiguten ikatzezko hiru izan ezik. Izan ere, beste tren maketa bat dugu, Miranda de Ebroko bat. Alboratuta zaukaten eta guk bildu dugu, gure elkarterako. Maketa honek 20 m2 dauzka, H0ko 18 trenbide eta baporezko makinak norabidez aldatzeko plaka.

Trenari lotutako material asko al duzue?
Bai. Aipatutako bi tren maketez gain, ondokoa: Altsasuko trenbideko langile guztien argazkiak (400), orlatan; 382 argazki; koadro handietan dauden 16 argazki; RENFEko funtzionamenduari buruzko 89 artikulu zahar; trenbideari buruzko 2 mapa; enklabamentu elektrikoko koadro berri bat; trenera igo behar ziren fardel edo paketeak pisatzeko baskula handi bat eta txiki bat; 1928ko Otzaurteko subestazioko aginte-mahaia; Altsasuko geltokiko trenbide-pasako abisu armairu bat; trenbide-pasako semaforo bat, seinale mekanikoak, trenbideetako 330 pieza, seinale mekaniko eta elektrikoak, 1941eko bapore makina bat, Union Pacifico Americano konpainiarena... eta abar. Berriki Castejonetik trenbide orratzak aldatzeko eskuzko palanken kabinak ekarri ditugu, elektrikoak jarri dituztelako. Oso handiak dira eta partikular baten biltegian dauzkagu.

Zenbateko kostua izan du Altsasuko maketak?
Oraindik ez ditugu kontu guztiak itxi, baina guztira 24.000 euro inguru. Zorte handia izan dugu Nafarroako Gobernuak, Euskadiko Kutxak, Altsasuko Udalak eta herriko komertzioek laguntza eman digutelako. CAN-en "Tu eliges, tu decides" proiektuetan sartu dugu gurea, eta diru laguntza ederra eman digute.Altsasuko tren maketa bukatuta, kontentu geratu zarete egindako lanarekin?Bai, oso gustura. Dekoratuan detailetxo batzuk gehituko dizkiogu, baina bukatuta dago eta ondo funtzionatzen du. Asteburuan Divina Pastora jaia ospatu genuen eta gure lokala zabaldu genuen, maketa eta dugun materiala erakusteko. Jende asko pasatu zen, 500 pertsona baino gehiago. Asteburu honetan ere zabalduko dugu: larunbatean 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, eta igandean 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.

Non duzue egoitza? Beti zabalik al dago?
Mojetan, Burunda kaleko lehen bis zenbakian, lehen pisuan. Udalak utzitako lokala da. Maketa sartu ahal izateko hiru gela batu behar izan genituen, paretetan zabaldutako hiru arkuen bidez. Beheko pisura lekualdatzea eskatu diogu Udalari, gure material batzuk pisu asko dutenez, lurrean egon ahal izateko.Gu sarritan izaten gara lokalean, baina ez dugu jendaurreko ordutegirik. Ikastetxeetatik eta kanpotik aurretik eskatuz gero ez dugu inolako arazorik gure maketak eta urteetan bildutako altxorrak erakutsi eta guztia azaltzeko, baina uste dugu behin betiko zabalik egoteko ardura hori handiegia dela guretako, ez dagokigula guri. Ildo horretan, polita litzateke material hori guztia museo batean bildu eta beti ikusgai izatea...Zalantzarik gabe. Herrian trenbideari buruzko museoa egitea garrantzitsua litzateke. Eta akaso trenbideko materialez gain, Altsasuko garai bateko nekazarien tresna zaharrak, etxekoetakoak eta beste jartzea polita litzateke.Udalak museoa sortzeko gaiaren inguruan interes handia dauka, eta uste dut epe motzean zerbait izanen dugula. Herritarrek ere begi onez ikusten dute gure lana, geltokiaren gaiak herritarrak asko ukitzen baititu. Penagarria da maketa bukatuta egotea eta modu jarraian, hau da, beti, jendaurrean ikusgai ez egotea.