Noiz sortu zen Norte erloju denda?
Nire koinatuak, Niceto Alvarok ireki zuen orain 52 urte inguru. Erloju-konpontzailea zen bere jaioterrian, Palentzia eta Burgosen arteko mugan. Herritarrak lan bila ateratzen hasi ziren eta berak ere bide bera hartu behar izan zuen. Erloju denda zen hasieran eta urteekin negozioa handitu zuten bitxiekin, kateekin, eraztunekin... Nire ahizpak ikasi zuen haiek lantzen.
Denda ireki berri zela hasi nintzen ni lanean, orain 50-51 urte. Orduan Legazpin bizi nintzen, baina asteburutan eta udaran, haurrek eskolan jai zutenean, hona etortzen nintzen laguntzera. Baita igande goizetan ere. Eta astean zehar presarik ez zuten iratzargailuak konpontzen nituen Legazpin, asteburuan ekartzeko. Koinatua hil zenean goizero etortzen hasi nintzen. Haren seme-alabak koxkortuta zeuden ordurako, baina Eduardori, ilobari laguntzera etorri nintzen.
Nola ikasi duzue ofizioa?
Nicetok ongi ezagutzen zuen ofizioa hona etortzerako. Nik, berriz, iratzargailu zaharrak desmuntatuz eta muntatuz ikasi nuen. Horrela ezagutu nituen piezak eta, denborarekin, haien izenak. Urteak egin nituen ikasten. Kuartzozko erlojuak hasi zirenean soldaduskan zegoela nire iloba Eduardo eta oroitzen naiz ikastaro bat egiteko baimena eman ziotela, Suitzako batzuk zetozelako. Horrela moldatzen ginen. Orain, berriz, aldatu egin dira gauzak. Eduardoren semea Bartzelonara joan da ogibide hau ikastera. Han dago eskola ofiziala. Han egingo ditu praktikak eta Suitzara ere joanen da.
Lan delikatua izanen da, ezta?
Nire ahizpak eta ilobek ulertzen dute horretaz gehiagok. Eduardok beti esaten du edozeinek egin dezakeen lana dela, hori bai, pazientziaz egin beharrekoa.
50 urtetan asko aldatu da erlojuen salmenta?
Bai, izugarri. Lehen asko saltzen ziren hormako erlojuak. Erakusleihoak hormako eta mahai gaineko erloju handiz beteta genituen. Oraindik ere baditugu eskaparatean, baina ez helburu komertzialekin, ilobari asko gustatzen zaizkiolako baizik. Orain lehen baino erloju gehiago saltzen dira. Modaren parte izatera pasa dira. Bizi guztirako erlojuak saltzen ziren lehen eta orain, berriz, gehiago aldatzen ditugu. Gizonen artean aldatu egiten da. Badirudi erlojua dela eraman dezaketen bitxi bakarra eta horregatik erloju onak erosten dituzten. Badira erlojuak kolekzionatzen dituzten gizonak ere. Bakarren batek 40tik gora ere. Emakumeen artean ez da hori horrenbeste ikusten.Erlojuak saldu, konpondu, bitxiak konpondu... Horiek dira erloju denda bateko ohiko lanak. Baina hemen baduzue beste lan bat ere: haurrei belarritako zuloak egitea.
Noiz hasi zinen lan horrekin?
Gogoan dut negarrik egin ez zuen lehen haurra eta 25 bat urte izanen ditu orain. Pentsa zenbat urte diren! Lehenago haurrak belarritakoekin zetozen ospitaletik. Horri utzi ziotenean hemengo emaginak hartu zuen lan hori, baina gero utzi egin zuen. Orduan gurera etortzen hasi ziren denak. Uharte Arakildik hasi eta Aguraineraino, askalo zenbat haur pasatu diren nire eskutatik.
Nola egiten duzu zuloa?
Haurtxoei zuloa egitea ez zen zaila. Belarritakoa apur bat limatzen dugu, eskuak ongi garbitu, dena ongi desinfektatuta eta belarritakoakin zulatzen dugu belarria, atzean kortxo zati bat jarrita. Une bat baino ez da. Tuerka jartzea da okerrena. Haurrak ordurako negarrez egoten dira eta pultso handia behar da. Azken aldian zulatzen hasi aurretik puntutxoa markatzen diet lobuloaren erdian, zuloa ongi zentratzeko. Hasieran dar-darka jartzen nintzen, baina praktika hartutakoan negarren beldurra galdu dut.
Zein denborarekin ekartzen dituzte haurrak?
Normalean 15 bat egunekin. Nik nahiago dut horrela, hobe ahalik eta azkarren, gero, hilabeteak dituztela, gehiago mugitzen dira eta. Batek edo bestek ospitaletik bueltan etxera joan aurretik ekarri du haurra.
Haurrei belarritakoa jartzeko ohitura ez da modaz pasatu?
Badira hasiera batean haurrari belarritakoa jartzeko asmorik egin ez zuten gurasoak, baina, kalean entzundakoengatik (neska edo mutila den eta halakoak) haurra hilabete batzuekin ekartzen dutenak. Berandurako uzten duten gehienak horregatik izaten da. Beste batzuk berriz 2-3 urterekin pasatzen dute hori, ikastetxean hastean. Zailago izaten da kasu horietan, mina egiten diete eta lehenengo zuloa egiten uzten dute, baina bigarrenarekin ez. Bat baino gehiago atera dira zulo bakarrarekin, bigarrena beste egun baterako utzita. Helduak ere etorriko dira...Bai, ehunka zulo egin dizkiet helduei ere. Gizonek belarritakoa jartzea eta zulo bat baino gehiago edukitzea modan jarri zenean pistola bat lortu genuen. Urteekin gogortu egiten da belarriko azala eta zaila da eskuz zulatzea. Hori bai, belarriak baino ez ditut zulatzen. Sudurra zulatzeko eske etortzen zitzaizkidan gazteak. Bakarren bat egin nuen, baina batek beste bat zekarrenez, azkenean gehiago ez egitea erabaki nuen. Ez dut inoiz arazorik eduki, baina nahiago dut gauzak horrela uztea.
Norendako izaten da gogorrago, haurrarendako, gurasoendako, gazteendako?
Haurrendako ez da ezer. Nik hasieratik argi uzten diet gurasoei: negar denek egiten dute, baina berehala isiltzen dira. Guraso asko penarekin datoz eta batzuek nahiago izaten dute haurra ez ikusi. Haurra utzi eta kalera ateratzen dira haurraren negarrak ez entzuteko. Gazteak ez dira ezertxo ere kexatzen. Beldurrez, urduri etorri bai, baina gero esaten dut ez dela ezer.
Esker oneko lana da?
Bai, asko. Jendeak asko eskertzen du, mesede handia egin izan bazenie bezala.