Ospa eguneko salaketa artxibatu egin du epaileak

Guaixe 2013ko abenduaren 19a

Aurreko ostegunean Ospa egunaren harira bi altsasuarrek, Garazi Urrestarazu alkateak eta Avelino Gonzalezek, inputatu gisa deklaratu zuten Iruñeko auzitegian. Estatuko segurtasun indar eta kidegoak iraintzea, delitu hori egozten zieten. Euren abokatuaren galderei erantzun zieten soilik. Testigantza horiek eta haien kontra zeuden probak aztertu ondoren epaileak, proba faltagatik, auzia artxibatzea erabaki du.

Altsasun herriak “sufritzen duen errepresioa eta poliziek erabiltzen duten bortizkeria eta gehiegikeriekin bukatu beharra dagoela” aldarrikatzeko ekitaldiengatik bigarren aldia izan da alkatea deklaratzera joan behar izan duena. Lehena, duela bi urte, Erregearen diskurtsoa parodiaren harira, Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen. Eta, azkena, esan bezala, aurreko ostegunean. Bi salaketak artxibatu egin dira.