Larrezabal estatuko gazta ekologiko onena

Guaixe 2013ko abenduaren 19a

Nekazaritza Ministerioak bi urtetik behin Espainiako Gaztarik Onenak sariak banatzen ditu. Hainbat mailetan sari bakar bat banatzen dute. Gazta ekologiko onena Patxi Amillanok ekoizten duen Larrezabal dela erabaki du epaimahaiak. Saria, ziurrenik, Bartzelonan ospatuko den Alimentaria azokan jasoko du Amillanok.

Idiazabal Jatorri Izendapeneko buru Jose Mari Ustarrozek sariaren garrantzia nabarmendu digu: “epaimahaia erkidego guztietako adituek osatzen dute. Idiazabal gaztaren zaporea ezaguna denez, sari hau aurkako zelaian irabaztea bezala da”. Maila bakoitzean sari bakar bat ematen dela ere nabarmendu, “irabazlea txapelduna da”.

Amillano bera eta Euskal Herritik kanpoko lehiaketetan sarituak izan diren gazten ekoizleei Idiazabal Jatorri Izendapenak euren lana aitortuko die. Ordizian izanen da, heldu den asteartean.