Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko mendi sekzioak eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeak elkarrekin antolatu zuten urriaren 6an Nafarroako Mendi Kluben eguna, Altsasun, “Goazen denok mendira” lelopean. Ikusita aipatu taldeetan erreleboa zaila dagoela eta egindako elkarlanak bi taldeei onura ematen diela, mendiarekin zerikusitako proba eta ekitaldi guztiak elkarrekin antolatzea erabaki dute. “Talde bakoitzak bere nortasuna mantenduko du, bere zuzendaritza batzordea eta bere ekintza eta ekitaldiak. Baina mendi probak daudenean, klub bakoitzak bost kide jarriko ditu eta sortzen den taldetxo horrek antolatuko ditu mendi ekitaldiak” adierazi digu Dantzalekuko Peio Bergarak. Hiru mendi zerrak mendi ibilaldia, Nafarroako Mendi Kluben eguna, txangoak, irteerak eta beste lirateke antolatu beharrekoak. “Lortu nahi dena, finean, mendizaletasuna, naturaren ezagutza eta beste sustatzea da, diapositiba emanaldiak sustatzea, eta bereziki, haur eta txikiekin irteerak sustatzea” gaineratu du Bergarak.