Eneida Carreño eta Maider Betelu
1.Zer da scrapa?
Azken finean denbora-pasa bat da. Sakanan neguak luzeak eta gogorrak dira eta denbora-pasa bat behar duzu. Duela 3 urte ezagutu nuen scrapa, ezustean. Nire ahizpa ezkondu behar zen, eta opari berezi bat egin nahi nion. Bera beti kexatzen zen, txikiena zelako argazki albumik gabe zegoela. Album bat egiteko asmoz interneten begiratzen hasi nintzen eta scrapari buruzko informazioa topatu nuen. Scrapa, azken finean, ditugun oroigarri guzti horiek biltzea eta pertsonalizatzea da, forma ematea. Scrapbook edo albuma egiteko bilketa egiten hasi nintzen: ahizparen jaiotza-agiria, dokumentuak, argazkiak, oroigarriak… zerotik hasita sekulako albuma egin nion, oso polita. Izugarri gustatu zitzaion. Scrapak harrapatu ninduen eta pixkanaka informazioa bilatzen hasi nintzen, gauza ugari egin baitaitezke. Eta 3 urte daramatzat postalak, albumak eta denetarik egiten. Oroigarri horiek guztiak bildu eta forma ematen.
2.Beraz, scrapa ditugun oroigarri guzti horiek biltzeko modu bat da. Soilik ez dituzue albumak eginen, ezta?
Ez. Bakoitzak nahi duena lantzen du. Album bat egiteko prozesua oso luzea da, eta badago gauza txikiagoak egiten ditun jendea, esaterako orain eguberriak zoriontzeko txartelak, toke berezi horrekin. Mugikorrak edo e-mailak ditugunetik beste era batean zoriontzen dugu, baina guk postalak bidaltzen jarraitzen dugu. Bereziagoak, hori bai.
Bestalde, guk, txikietan kromoekin egiten genuen bezala, gure lanak trukatzen ditugu. ATC deitzen diegu kromo antzekoak direnei. Esaterako, gai bat jartzen dugu, adibidez eguberriak. Eta bakoitzak bere imajinazioarekin nahi duena sortzen du espazio txiki batean. Koadro bat bezala, baina oso txikia, kromoaren tamainan. Eta trukatzen ditugu.
3.Pluralean hitz egiten ari zara. Euskal Herri mailan eta mundu mailan ere, scraper sare edo talde bat zarete.
Internetek lagundu du scrapa lantzen duen toki askotako jende hori guztia harremanetan jartzen. Orain gutxira arte pentsatzen genuen Euskal Herri aldean Altsasun biltzen ginenak bakarrak ginela. Madrilen edo Bartzelonan denbora-pasa hau lantzen zutenen mugimendua bazegoela ikusten genuen, eta guk esaten genuen: Euskal Herrian bakarrik gaude? Baina facebookean talde bat sortzea erabaki genuen eta horren ondotik konturatu gara jende asko dagoela Euskal Herrian scrapa lantzen duena eta pixkanaka kopurua handitzen ari dela. Eta bururatu zitzaigun ideia polita litzatekeela Bartzelonan eta Madrilen egiten dituzten bilerak, crop delakoak, Altsasun egitea eta 8 pertsona elkartu ginen Altsasun.
4.Altsasu duzue topagune.
Bai, Altsasu oso toki majoa da horretarako, erdigune delako, Iruñea, Donostia, Gasteiz edo Bilbotik datozenendako antzeko distantzia dagoelako. Urtean barna hiruzpalau aldiz elkartu gara. Bi proiektu lantzen ditugu, goizean bata eta arratsaldean bestea. Eta lan eta lan egoten gara, gustura.
5.Scrapa zuen zaletasuna da, baina lanbide izan daiteke?
Zaletasunak jende askori lanbidea ireki ahal dio, gehienbat hiriburuetan, bertan sortzen dira horretarako aukera gehiago. Jende askok scrap tailerrak ematen ditu, dendak zabaltzen dituzte…
Scraparekin bueltatzen ari gara pixka bat artisau lana baloratzera. Dena ez da denda batera joan, gustuko duguna erosi eta kitto. Artisau lan horrek atzean gauza pila ditu: lan berezia da, bakarra eta askotan zuretzako egina, bereziki. Zerbait bereziagoa sortzea.
6.Zer nolako materialak erabiltzen dituzue? Edozer gauza baliagarria da?
Bai, gaileta kaxa bat, zereal kaxa, baratxurien saretxoak ere erabiltzen ditut… dena. Mundu honetan sartzen zarenean hasieran ez zara konturatzen, baina pixkanaka lanak egiten hasten zarenean konturatzen zara etxean zaborretara botatzen dugun hori agian hau edo beste egiteko balio duela. Azkenean sekulako sindromea dugu eta dena gordetzen dugu. Poltsan beti eramaten dut koadernotxo bat eta bolia, edozein momentutan ideia sortzen bazait apuntatzeko.
7.Facebookaz gain bloga sortu duzue.
Bai. Izan ere, egiten ditugun gauza gehienak oparitzeko dira eta guk ez dugu guretzako ia ezer egiten. Hortaz, egin ditugun lan guzti horiek gogoratzeko eta nolabait izateko, argazkiak egiten ditugu eta bilduma moduan blogean (http://7005kolore.blogspot.com.es/) jartzen ditugu.
8.Larunbatean Altsasun Navicrop topaketa egin zenuten Il Padrino jatetxean.
Bai. Urtea festa polit batekin amaitu nahi genuen. Eta azkenean izan da polita eta sekulakoa. Hasiera batean 15 pertsona inguru biltzea aurreikusten genuen baina, azkenean, 30 pertsona bildu ginen, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritakoak. Oso pozik gaude jaso dugun erantzunarekin.
Egun osoko tailerra izan zen. Goizean Eguberrietan egingo ditugun argazkiendako album berezi bat egin genuen. Patricia Martinez donostiarrak eman zuen tailerra. Eta bazkaldu ondoren bi aktibitate egin genituen, nik eskainitakoak. Batetik, Eguberriak zoriontzeko txartel bat egin genuen eta, bestetik, pinuan jartzeko apaingarri bat. Ondoren lagun ezkutua egin genuen eta scrap produktuen hainbat dendek eskainitako oparitxoak zozketatu genituen. Ongi pasa genuen. Mahai batean guk egindako lanak jarri genituen ikusgai, bisitariek ikusteko.
9.Zuekin harremanetan jartzeko zer egin behar da?
Aipatu blogean sartu edo ondoko posta elektronikoaren bidez gurekin harremanetan jarri: cropnavarraeuskadi@hotmail.com Bertan informazioa jaso dezakete.
10.Adin mugarik al du scrapak?
Ez. Eta berdin du mutila hala neska izateak. Emakumeak gara gehienak baina taldean mutil bat ere badugu. Geroz eta gehiago ari dira animatzen mutilak. Eta asko gustatzen zaigu beraiek etortzea, azken finean beste ikuspuntu bat da eta eurekin asko ikasten dugu. Album bat egin behar badut, ez dakit zergatik, errazago egiten zait neska bati egitea. Mutilendako materiala ere mugatuagoa da, eta beti kostatzen da gehiago ikuspuntu hori.
11. Hortaz, anima daitezela!
Jakina, nahi duen guztiak! Gainera scrapak pila bat erlaxatzen du, esaten dute terapeutikoa dela.