Queen rock bere aurreneko diskoa karrikaratu zuela 40 urte betetzen direla ospatzeko Haize Berriak bandak kontzertu bikoitza prestatu du: Ikuskizunak jarraitu behar du. Talde britainiarraren kantuak joko dituzte omenaldi-emanaldi horietan. Sakanako musika bandako zuzendari Luis Orduñak azaldu digunez, “bandarendako soinu berri bat opatzea proposatu diogu geure buruari. Rock sekzioa duen banda bat”. Horregatik, Haize Berriak bandako musikariekin batera gitarra elektrikoa eta baxu elektrikoa jotzen duen musikari bana izanen da.
Emanaldiko programa Queen eta Fredy Mercuryk sortutako kantuek osatuko dute. Hala, Iortian We are the chanpions edota Crazy little called love moduko kantuak entzuteko aukera izanen da. Kantu eta hit ezagun askoak izanen dira denak ere. Bandarako tema instrumentalak dira, baina Queen taldeak abeslaririk gabe ezer gutxi zenez, bandak Mercuryren ordezko kantariak opatu ditu emanaldirako. Orduñak aurreratu digunez, “kontzertu oso bereziak izanen dira. Sorpresa asko izanen dira. Aretoan pertsonalitate baten laguntza izanen dugu”.
Haize Berriak banda agorrilean hasi zen emanaldia antolatzen. Entseguak irailean hasi zituzten, Taupadak ikuskizuneko entseguekin tartekatuz. Ikuskizunaren berezitasunaz gaztigatu gaitu Orduñak: “Queenek letra ederrak eta oso landutako musika zuen taldea zen. Horregatik, taldeko fansendako eta edozein entzulerendako aproposa da emanaldia”.
Bi emanaldi
Hasiera batean Ikuskizunak aurrera egin behar du ikuskizunaren emanaldi bakarra zegoen aurreikusia, abenduaren 28koa. Baina sarrera guztiak berehala saldu zirenez, bigarren emanaldi bat eginen du bandak, ilbeltzaren 4an.
Urteko jarduna
Galtzak bete lan ibili dira aurten ere Haize Berriak bandako kideak. Martxoan tronboi irristailudun joleendako topaketa antolatu zuen. Maiatzaren 26an Etxarri Aranazko Dantzakia dantzaren partituraren bandarako moldaketa aurkeztu zuen aipatu herrian. Lastailean buru-belarri aritu dira Fran Idaretaren Taupadak ikuskizunean parte hartzen. Hiru emanaldi eskaini zituzten Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Azkenik, urtero moduan inauteri, San Juan eta festetan Altsasun kontzertu bana eskaini du.