Tipi-tapa, tipi-tapa… 2014ra

Guaixe 2014ko urtarrilaren 7a

Gizonezkoen podiuma. Foto: Dantzaleku Sakana.
544 korrikalari izan ziren Altsasuko San Silbestrean. Sergio Garcia de Eulate eta Maite Beregaña izan ziren azkarrenak

Altsasuko San Silbestrea
Helduak
Gizonak
1.Sergio Garcia de Eulate: 16:15
2.Javi Moreno: 16:17
3.Tasio Gomez: 16:22

Emakumeak
1.Maite Beregaña: 20:34
2.Erkuden San Martin: 21:10
3.Maite Ares: 21:13

*SAILKAPENA IKUSTEKO: www.dantzalekusakana.com

Urtea despeditzeko modu asko daude. Baina, agian, herrikoiena San Silbestreetan korrika egitea da berezietako bat. Sakanan bi ospatu ziren: Altsasun eta Olaztin. Altsasukoa Nafarroako proba beteranoena da. Dantzaleku Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatutako probak 35. edizioa bete zuen aurten. Beste behin, Altsasuko proban 17 urtez gailendu zen Mario Lopez de Uralde korrikalari altsasuarra izan zen gogoan.

Parte-hartze errekorra
Parte-hartzea izugarri gainditu zen aurten. Aurreko edizioan 400 korrikalari inguru aritu ziren. Dantzaleku Sakanako kide Peio Bergarak proba baino lehen aipatu zuen “ea aurten 500 korrikalari ateratzen garen”. Bada, helburu hori eta gehiago lortu du klubak, aurtengo edizioan 544 korrikalari aritu baitziren, kategoria guztiak kontuan hartuta. Kategoria txikietan 113 neska-mutiko eta helduetan 431. Hori dela eta, oso pozik daude antolatzaileak, bereziki “Sakanako emakume asko eta gazte asko” atera zirelako Altsasuko kaleetan barna korrika egitera. Korrikalari, babesle eta laguntzaile guztiei eskerrik beroenak eman dizkiete antolakuntzatik.

Proba lehiatua
Lehenik eta behin kategoria txikiko probak jokatu ziren –aurrebenjaminak (37), benjaminak (13), kimuak (30) eta haurrak (39)–. Eta segidan helduen proba abiatu zen. Herrian barna prestatutako zirkuituari hiru itzuli egin behar zizkioten, guztira 5 km osatuz. Giro paregabean burutu zen lasterketa, eta oso proba animatua izan zen. Ikusle asko ere bildu ziren Altsasuko kaleetan lasterketa jarraitzera.
Lehendabiziko itzulian Urko Berdud eta Maite Beregaña izan ziren azkarrenak, eta horregatik Katealde produktuen lote bat pasa zuten. Baina lasterketa oso lehiatua izan zen eta azkenean Sergio Garcia de Eulate altsasuarra izan zen garailea (16:15), Javi Moreno altsasuarrarekin (16:17) lehia estu-estua izan eta gero. Aurreko edizioan gailendu zen Tasio Gomezek (16:22) osatu zuen podiuma. Emakumeetan hasieratik aurrea hartu zuen Maite Beregaña uhartearrak (20:34) jantzi zuen txapela, Erkuden San Martin etxarriarraren (21:10) eta Maite Aresen (21:13) aurretik. Beteranoetan Antonio Moreno eta Tatu Larraza izan ziren azkarrenak.
Haurrak ere San Silbestreko protagonistak izan ziren. Haurren kategorian Unai Villalobos eta Ainhoa Etxaiz gailendu ziren, kimuetan Mikel Etxaiz eta Malen Goñi, benjaminetan Oier Agirre eta Maddi Lizarraga, eta aurrebenjaminetan Oihan Goikoetxea eta Luna Lopez.

Bukaeran, korrikalariek eta ikusleek salda beroa dastatzeko aukera izan zuten. Txapeldunek txapelak eta trofeoak jaso zituzten. Horretaz gain, hainbat lote zozketatu ziren. Leire Otaegik, Edurne Razkinek eta Eusebio Vinagrek Katealde produktu lotea jaso zuten eta Sayas Mazkiaranek emandako urdaiazpikoa Iñaki Agirrek jaso zuen. Antolakuntza lanetan 40 pertsona inguru aritu ziren. Bestalde, antolatzaileek Nafarroako Elikagai Bankurako jakiak bildu zituzten. Beste behin, sakandarrak oso eskuzabalak izan ziren eta bankurako kilo ugari bildu ziren.