31 urte bete ditu Sociedad Deportiva de Altsasuk antolatzen duen txirrindularientzako San Silbestreak. Urtea bizikletan despeditzeko lagunen arteko proba bezala jaio zen, baina lehiakortasuna handituz zihoala ikusita Urbasara bi igoera egitea erabaki zuten: lehenengoa zikloturista eta bigarrena lehiakorra. Guztira 75 txirrindulariek parte hartu zuten aurtengo proban. Proba lehiakorrean 35 txirrindularik hartu zuten parte. Proba oso lehiatuan, Elizondoko Ion Zeberio Morrasek irabazi zuen. Zeberio 17 minututan igo zen Urbasara. Bigarrena Patxi Zia Apeztegia izan zen, segundo eskas batera (17:01). Eta hirugarrena Iraitz Goñi Diaz arbizuarra izan zen (17:03). Aldiz, Urbasara iritsi zen lehenengo altsasuarra Alfredo Amillano Garasa izan zen (17:20). Bestalde, proba zikloturistan 40 pertsonek parte hartu zuten. Urbasara helduta, indarrak berreskuratzeko salda beroa hartzeko aukera izan zuten txirrindulariek. Ondoren, Sociedad Deportiva tabernan sarien banaketa egin zen.