Kontzentrazioa EPPK-ren bitartekarien atxiloketak salatzeko

Guaixe 2014ko urt. 8a, 20:44

Gaur arratsaldean, ordu erdiz, 25 bat pertsonak kontzentrazioa egin dute udaletxe aurrean. Hala protestatu dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) izendatu zuen Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontra, gaur arratsalde hasieran, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Guardia Zibilak egindako sarekadagatik.

Zortzi dira Guardia Zibilak atxilotutakoak: Arantxa Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz. Lehen zazpiak 2012an EPPK-k izendatu zuen Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kideak dira, beste batzuen artean. Presoen auziari buruz hitz egiteko hautatu zituzten.

Fernandez Diazek esan du "ETAk presoak kontrolatzeko erabiltzen duen garroaren kontra" burutu dela operazioa. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa eta zabalik dago.