Urte berriarekin batera Iortia kultur guneak bere eskaintza herritarrei erakargarriagoa egiteko ahalegin berezia egin du. Kultura poltsiko guztiendako eskuragarri izateko ahaleginean Altsasuko Udaleko Kultura Sailak hileko familiarteko eta 3 ikuskizunetarako bonoak sortu ditu. Gainera, zenbait ikuskizunetan sarrerak aldez aurretik erosiz gero emanaldiaren egunean baino merkeago ordainduko da. Aukera hori kultura agendan egoki azalduta dago.
Ilbeltzeko familiarteko bonuak 7 euro balio du. Horren truke igande honetako On egin! antzerkirako eta hilaren 19 eta 26ko filmetarako sarrerak eskuratuko dira. Hiru ikuskizunetarako bonuak 20 euro balio ditu. Golden Apple Quartet (ilbeltzak 25), Ados teatroren Figurantes (otsailak 15) eta Demode Quartet-en EPA! (martxoak 22) ikuskizunetarako sarrerak eskuratuko dira bonu horrekin eta zinemarako sarrera bat opari jasoko dute. Bonuak Iortia kultur guneko sarreran edo www.iortiakultura.com-en bidez eskuratu daitezke.
Zinema
Aurretik zinemara joateko bonoak ere eskaintzen dituzte Iortian. Ohiko sarrerak 5 euro balio baditu ere, hiru filmeko bonoa 12 eurotan ikusteko aukera dago (hilabeteko epean). 5 sarrerako bonok 20 euroko balioa du (hilabeteko iraupena eta emanaldiko bi sarrera gehienez). Azkenik, 8 sarrerako bonoa dago, 30 euroren truke eskuratu daitekeena (bi hilabeteko iraupena eta emanaldiko, gehienez, bi sarrera).