Zelandiko aparkalekua astebururako erabilgarri

Guaixe 2014ko urt. 9a, 18:30

Asteartean hasi zituzten Zelandin ibilgailuendako aparkalekua egiteko lanak. Palak lur geruza kendu eta kaskailua zabaltzen aritu da. Bestelako egokitzapenak egin ondoren, asteburutik aurrera 40 autorendako aparkalekua izanen du Altsasuk. Behin behinekoa da azpiegitura berria. Juan Carlos Orellanak esan zuenez, proba moduan eraikiko dela aparkalekua eta emaitza ona badu, aldameneko lurren jabeekin hitz eginen dela hura zabaltzeko.

Bi helbururekin egin du aparkalekua udalak, zinegotziak azaldu zuenez: “azoka egunetan herrietatik etortzen direnei aparkatzeko toki bat eskaintzea”. Dendariek eskaera egina zutela gogora ekarri zuen. “Horrekin batera, eskolako sarrera eta irteera ordutan gurasoek sortzen duten ibilgailuen kaosa eragotzi nahi da”.

Lurren jabe Alzate eta Arregi eraikuntza enpresak dira eta haietan etxebizitzak daude aurreikusita, baina eraiki bitartean enpresekin hitzarmena lortu du udalak eta hiri-kontribuzioaren truke eskuratuko du lurra erabiltzeko eskubidea. Udal langileek 1.975 metro karratuko orubea prestatu dute. Lanak egiteko 14.780 euro bideratu ditu udalak.