Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak Euskara Sorkuntzari, Sorkuntza euskarari programaren barruan, eta Sakanako haurrak euskarazko ikuskizunetara joan daitezen bultzatzeko, fideltasun-kanpaina jarri dute martxan. Haren bidez, Iortiara maiztasunez joaten direnak saritu eta joateko ohiturarik ez dutenak erakartzea da helburua.
Iortiara joaten diren haurrei lore itxurako txartel bat emanen zaie . Aurten euskarazko emanaldi batera joaten diren bakoitzean txartel horri zulo bat eginen zaio. 7 zulo dituztenean, kirol-motxila bat jasoko dute opari. Igande arratsaldean hasiko da kanpaina.
Programa
Euskarazko produktuen ezagutza eta kontsumoa sustatzeko, eta, zehatzago, Sakanan euskarazko ikuskizunen ikusle kopurua handitzeko, sortu zuten Euskara sorkuntzari, sorkuntza euskarari programa. Kanpainak Sakanako haurrak euskarazko zine, antzerki edota dantza emanaldietara joan daitezen bultzatu nahi da. Izan ere, Iortian euskaraz sortu edo itzulitako haurrendako filmak proiektatzen dira hilero eta familiarteko antzerki eta dantza egitarau egonkorra eskaintzen da euskaraz, baina, tamalez, ikusle kopurua ez da nahi bezalakoa.
Kanpainaren protagonistak
Zizili oso neska zine zalea da eta Rafaela bere laguna da, loreak jatea maite duen jirafa da. Biak bizi dira Iortian kultur gunean.