Ospakizun handirako, Santa Agedarako, gero eta gutxiago falta da. Aurtengo kintoak egunero dantzak entseatzen ari diren bitartean, aurreko urteetako kintek otsailaren 8rako euren bazkariak lotzen ari dira.
Jendeak herritik kanpo bazkaltzera ez joateko eta festa giroa indartzeko, Altsasuko Udalak, aurreko bi urteetan bezala, kintei bere azpiegitura utzi die han euren bazkariak antola ditzaten. Interesa duten kintadak Iortia kultur gunetik pasa beharko dira hilaren 27ko 14:00ak baino lehen.
Izena eman dutenen arabera erabakiko du udalak bere zein azpiegitura erabili. Festa indartzeko asmo hori 2012an abiatu zuen udalak. Orduan kintada batek onartu zuen eskaintza. Joan den urtean Burunda pilotalekuak 6 kintada hartu zituen, 184 pertsona.