Legazpi eta Altsasu kantuan senidetuta

Guaixe 2014ko urt. 17a, 16:00

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean. Sarrerak agortu dira

Trasteando taldeko musikariak bihar anfitrioi lanak eginen dituzte, Legazpiko Alaitasuna Errondailaren bisita hartuko baitute. Bi musika taldeak ere Iortia kultur guneko eszenatokian ariko dira. Legazpiarrek Andoni Sarobe baritonoaren, Sandra Dominguez sopranoaren eta Cesar Vallejo piano-jolearen laguntza izanen dute euren emanaldian. Hainbat generoko doinuez osatutako programa eskainiko du Alaitasuna Errondailak: euskal doinuak, Hego Amerikakoak eta tradizionalak.

Emanaldia antolatu duen talde berak, Trasteandok, zabalduko du eta horretarako hiru doinu prestatu dituzte. Alaitasunaren kontzertuaren ondoren, emanaldia despeditzeko, bi taldeak eszenatokian agurtuko dira, kantatzen. Altsasuarrei joan den urteko maiatzaren 4an Legazpin egindako emanaldia bueltatzen diete Alaitasunakoek.

50. urteurrena
Hiriberriko Juan Bautista Armendariz Larrearen ekimenez sortu zen Legazpiko musika taldea. Armendariz irakaslea zen eta jubilatu ondoren musika zaletu talde bat biltzera animatu zen. Aurreko bi urteak prestatzen eman ondoren, 1964ko ilbeltzaren 3an eman zuen aurreneko kontzertua Alaitasuna Errondailak herrian. XX. mendeko 70eko hamarkadan adinduen, gaixoen, kaltetuen eta abarren aldeko makina bat elkartasun ekitalditan parte hartu zuen errondailak. 80ko hamarkadan luze egon ziren isilik, baina 1.989an 25. urteurrena ospatzeko bueltatu ziren.

Duela hamar urte musika taldeak biziberritu zuen ziklo berri bat hasi zuen. Horretan zerikusi handia izan zuen egoitza propioa izateak. Armendarizen ondoren, Jesus Gordoa izan zen zuzendaria. Gaur egun, haren alaba Eli da Alaitasuna Errondaila gidatzen duena. Orduz geroztik makina bat tokitan aritu dira, baita urtero Hiriberrin ere. Gainera, makina bat lotura sortu ditu antzeko taldeekin, besteak beste, Trasteandorekin.