Hasi dira Zumalakarregiko aterpeko lanak

Guaixe 2014ko urtarrilaren 20a

Allozko Inserlantxo enpresako langileak dagoeneko Zumalakarregi plazan lanean ari dira. 2009ko maiatza hasieran jarri zituzten metalezko zutoinak aterpean Altsasuko Udalaren aginduz. Behin behineko prebentzio neurria izan zen zutoinak jartzearena, porlan puskak eror zitezkeelako. Langileek aterpea hobetzeaz aparte, haren forjatua eta zutabeak indartuko dituzte. Eta gainean dauden terrazen hezetasun arazoak konpontzeko neurriak hartuko dituzte, besteak beste baldosak jarriz.

Altsasuko Udalak eginen ditu lanak, baina aterpeak hartzen duen zazpi portaletako etxejabeek ordainduko dute lana. Horrela eginda, bizilagunek udal zergen ordainketa pagatzea aurreztuko dute. Lan horiek despeditzean, aterpean argiteria publikoa berritzeko lanak eginen ditu udalak.