Golden Apple Quartet bisitan

Guaixe 2014ko urt. 24a, 14:30

Larunbatean, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Ez dago sarrerarik

Ezkontza batean aritu ziren aurrenekoz Loyola Garmendia, Eduardo Errondosoro, Manuel Romano eta Enrique Otxoa, 1986ko lastailean izan zen. Golden Apple Quartet izena hartu eta munduan barna hainbat ikuskizunen emanaldi eskaini izan dituzte. 25. urteurrena zela eta laukote donostiarrari euren historia ikuskizun batean laburbiltzea otu zitzaien eta, horrela, Erase una vez… Los Golden emanaldia sortu zuten. 

Laukotearen ohiko bere musika emanaldiak umorez zipriztindu ditu beti eta bihar Altsasun izanen den ikuskizunean ez da gutxiago izanen. Ipuin baten itxura du emanaldiak. Off-eko ahots batek kontakizunari ekiten dio eta laukotea berehala lotzen zaio. Azken finean haien istorioa kontatzen ari baita: telebistako emanaldiak, ikuskizunen errepasoa, kantarien antzezle izaera… Guztia elkarren jarraian doazen sketch segida batean. 

Altsasurekin lotura 

Golden Apple Quartet-ek 2002an kantu labur bat egin zuen Altsasuko Aitzindari Dantza Taldearendako, haren 20. urteurrena zela eta.