Orainetik begira egindako erakusketa

Guaixe 2014ko urtarrilaren 24a

Helena Santano Cidek gaur mustuko du erakusketa Altsasuko Iortia kultur gunean; otsailaren 16ra arte izanen da ikusgai, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 17:00etatik 20:00etara

Kolekzio pribatuetan daudelako edo aukerarik izan ez duelako, orain arte sekula erakutsi ez dituen eta bere ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa eskaintzen du Helena Santano Cidek. Unibertsitate garaiko hasierako lanetatik hasi eta gaur egunera arte, bere sortze prozesua islatzen duen bilduma opatuko du bisitariak Iortian, gaur, 19:30etik aurrera. 

Hala, 1989an edo 90ean egindako eskulturen ondoan, Marokoko egonaldi batean egindako akuarela azkarrak, Bretainian egindako marrazkiak, hainbat garaitako eta materialekin egindako eskulturak, feminismoari buruzko instalazioa (1993-1994koa), sexua oinarri duten margo espresionistak, egiteko duen eskulturen bozetoak, figuratibotik orban monokromatiko eta kromatikoetara, ikatz-ziriz egindako margoak, kolore sarea eta sakontasuna sortzen duten kolorezko lerroak… Bideo batean orain arte Altsasun, Lekunberrin eta bestetan erakutsitako koadroak ikusteko aukera izanen da. 

Orainetik iragana eta geroa eraikitzen izenburua eman dio bere erakusketari Santanok. Sortzaile altsasuarrak esan digunez, “gaur egunetik iraganera eta etorkizunera egindako begirada da”. Azaldu duenez, “orain bizi dugun krisi eta aldaketa garai honetan, izutu gabe, presentetik bizitzea” da bilatzen duena. “Horrela, perspektiba galdu gabe, unean zentratuta egotea”. 

Action paintinga 

Gaur erakusketa mustutzeko Helena Santano zuzenean margotzen ariko da, 20:00etatik 21:30era. 2007an Lekunberrin Cristian Varelarekin arituz geroztik, Helenak musikaren erritmora zuzenean margotu izan du hainbatetan. Action painting izena hartu dute saio horiek. Gaurkoa hamabigarrena izanen da. Koadroa margotzeko erritmoa DJ Jurgi Oraak jarriko dio. Disko jartzaile altsasuarra aukeratu du Santanok proiekzioa duela iruditzen zaiolako eta sortzen duen musika tekno esperimentala, artistikoa” delako.