Astelehenean Argentinako Ramallo hirian hil zen Claudio Etxeberria Zabalo.
Ramalloko 2012ko Immigrantearen Eguneko ekitaldien barruan hiriko Hiritar Ospetsu izendapena jaso zuen. Orduan Ariel Santalla intendentearen eskutik jaso zuen aipamena Etxeberriak. Altsasuarra emazte Pilar Guridi Uriberekin eta seme Javier izan zituen aldamenean.
Ekitaldian Javier Tiesa kazetari eta idazleak bere soslaia egin zuen: “Ramalloko partidoan eskolen eraikuntzan lan egin zuen. Erlezaina izan zen eta naturaren behatzaile handia izanda da. Egun, eskualdeko euskaldunen erreferente handienetakoa da”. Ekitaldian Gernikako Arbolaren kimua landatu zuten eta euskal doinuak ere entzun ziren.
Biografia
Cristobal eta Gregoriaren semeak 96 urte zituen. Nekazari eta ahuntzain lanetan aritu zen Altsasun. Etxeberriak 17 urte zituen Francok estatu kolpea jo zuenean. 1936an errepublikaren alde armak hartu zituen Etxeberriak. Gudaria izan zen.
Santoñako errendizioa eta gero atxilotu zuten. Fusilatu ez zezaten “fachetta nera”k zaindu zuten. Bizi guztirako espetxe zigorra jarri zioten “errebelioaren alde” egiteagatik. Valladolideko Santa Espina monasterioan preso izan zuten lehenik. 1937ko azaroan Iruñeko espetxera ekarri zuten eta ondoren Bilboko eskolapioetan zegoen espetxera.
Espetxean 4 urte eman zituen. Zigorra aldatu eta aske gelditzeko 3 hilabete falta zituenean ejertzitoak deitu zuen eta Luis Molina Gonzalez infanteriako koronela buru zuen 30. Soldadu Langileen Batailoira bidali zuten. Soldadutza artillerian egin ondoren harrobietan lan egitera bidali zuten. Guztia despeditu ondoren Altsasuko basozain izan zen, 1949ko otsailaren 28ra arte.
Urte hartako maiatzaren 3an Argentinako bandera zuen Entre Rios itsasontzian igo zen, Pilar emaztearekin eta urte eta erdi zituen Claudio Norberto semearekin. Argentinan jaioko ziren Javier eta Margarita Francisca.