Instituto Nacional de las Artes Escénicas y de la Música (INAEM) Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioarekin elkarlanean sortutako programa da Platea. Herrietako kultur egoitzetan “ikuskizunen zirkulazioa berraktibatzeko” asmoz sortu dute programa. Estatu osoko 198 herritan 1.200 bat emanaldi eginen dira programa horren bidez. Horretarako 6 milioi euroko aurrekontua dago.
Platearen bidez udaletako kultur programatzaileek 435 antzerki, dantza eta zirko ikuskizunek osatzen duten katalogo bat izanen dute eskura. Eskaintza horren arabera, udaletako kultur arduradunek programazio proposamena egin beharko dute: gutxienez 4 ikuskizun eta gehienez 15. Hautatutako konpainiak norberarena ez diren hiru erkidegoetakoak izan behar dute.
Altsasu
Programan parte hartzeko baldintzak (gutxienez urtean 20tan programatzea eta 250 aulkiko gela izatea) Altsasuko Iortia kultur guneak betetzen ditu soilik Sakanan. Altsasuko Udalak eskaera egin du eta dagoeneko onartu dutela baieztatu dio INAEMek. Aste honetan aurkeztuko dute Altsasuko programazio proposamena eta otsaila akaberarako jakinen dute onartua izan den. Ez du aparteko inbertsiorik ekarriko. Izan ere, parte hartzen duten konpainiek saldutako sarrerengatik kobratuko dute. Aretoa beteko ez balitz, faltako liratezkeen sarrerak INAEMek ordainduko lituzke.