Altsasuko azokan atzo goizean elkarretaratzea egin zuten Sasoiak, Nafarroako jubilatuen elkarteko 20 bat kidek. Batzuk argia gure iluntasunean, argiaren igoerari ez! leloa zuen pankarta zabaldu duten bitartean, besteek esku-orriak banatu zituzten. Argindarraren ordain-agiria murrizteko borroka eginen dutela adierazi zuten Sasoiako kideek.
Elkarteko kide Luis Igeltzek azaldu digunez, “argindarraren igoerak jubilatuen eros ahalmenean eragin zuzena du, haiek are gehiago pobretuz”. Gogora ekarri zuen 2007tik %77 igo dela argindarra, apirilean, berriz %2,3 igoko dela eta, bestalde, pentsioak aurten %0,25 besterik ez direla igo. Igeltzek gaineratu zuen butanoan %20ko igoera aurreikusi dutela. “Ongi ez dagoen, gaixo dauden adineko jendea asko dago etxean berogailua jarri ezinik, ezin duelako ordaindu”. Sasoiako kideak nabarmendu du egoera hori askoz gehiago larritzen dela familiako diru sarrera bakarra jubilatuaren pentsioa denean. Salaketa bera Irurtzungo eta Etxarri Aranazko azoketan zabalduko dute otsailean.