Altsasuko Mendigoizaleak taldeak 2014ko egutegia itxi du eta ikasturte honetan burutuko dituen txango, ibilbide eta egitasmoen berri emango du. Horretarako, lehenik eta behin, 2013an egindako mendi irteeretan hartutako irudiekin proiekzio berezia eginen dute bihar, otsailaren 1ean, larunbatean, Altsasuko Iortia Kultur Gunean, 19:00etan. Eta, ondoren, 2014ko egutegia azaldu eta egutegia banatuko dute.
Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Fernando Bengoetxeak prestatu du bihar ikusiko den argazkien eta irudien proiekzioa. Taldeak 2013an antolatutako txango eta mendi ibilbideen errepasoa eginen du bertan, ibilbide horietan hartutako irudi ikusgarrien bitartez. 2013an Pirinioetan egindako zeharkaldiko argazki ikusgarriak, Panticosan hasi eta Artousteko trenean despeditzen zena, Aralarko irudiak, Urbasakoak: “Proiekzioarekin guk egiten duguna erakutsi nahi dugu, non ibiltzen garen, zein den gure aktibitatea. Ea, horrela, jendea gurekin etortzera animatzen den” adierazi digu Fernando Bengoetxeak.
2014ko egutegia
Altsasuko Mendigoizaleak taldeak aurtengo egutegia zehaztu du. Ia igandero mendira joko dute, eta nahi duten guztiek egin dezakete bat mendigoizaleekin. Aurreko asteburuan Urbasan ibilbide berezia egin zuten eta hurrengo txangoa igandean bertan egingo dute, otsailaren 2an. Codesetik gertu dagoen Kostalerara joko dute.Urtero errepikatzen diren ibilbideek ez dute huts eginen. Esaterako, urteko lehen igandean Bargagainera jotzen dute, urteko azken egunean Aitzgorrira, Gabonetako aurreko igandean Mendigoizale Egunarekin egiten dute bat Aralarren, eta Ziordia-Ekala (maiatzaren 1ean), Lakuntza-Amezketa (maiatzaren 18an), Altsasu-Arantzazu (irailaren 28an), Altsasuko perimetroaren bira (apirilaren 27an), Bargagaingo finalista (uztailaren 20an), Erkuden (uztailaren 13an) eta beste ez dira faltako. Horretaz gain, abuztuan txango berezia antolatu dute; Vignemaleko itzulia eginen dute, eta irailaren 6 eta 7rako Monte Perdidora joko dute, Pirinioetara. Horretaz gain, Euskal Herrian barna hainbat irteera eginen dituzte: Mendaur, Peña Izaga, Saioa, Palomares, Camille xenda, Collarada, Aratz-Aitzgorri, Gorbea, Txindoki …
Ibilbideak, kirol ekitaldiak, argazki rallya eta proiekzioak
Mendiko ibilbideak egiteaz gain, bi ekitaldi nagusi antolatuko ditu Altsasuko Mendigoizaleak taldeak. Apirilaren 5ean 7. Hiru Mendi Zerrak mendi ibilbidea antolatuko dute Altsasu inguratzen duten mendietan barna, eta urriaren 19an, Altsasuko ferietan, argazki rallya. Bestalde, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak eta Dantzaleku Sakana taldeek bat egin dute hainbat kirol ekitaldiren antolakuntzan eta, horrela, urriaren 18an Onddo lasterketa antolatuko dute elkarrekin. Eta, jakina, urtean barna makina bat hitzaldi eta mendi proiekzio antolatuko dituzte. Esaterako, martxoaren 29an Ruth Aguadok “Irango mendietan eskiatzen” proiekzioa eskainiko du Iortia Kultur Gunean, 19:00etan.