Berriki Diccionario de fotógrafos españoles (2014, La Fábrica eta Accion Cultural Española) argitaratu dute. XIX. mendetik gaur egun arte argazkigintzan aritu diren estatuko 600 sortzaile baino gehiagoren zerrenda jasotzen du lanak. Hainbat ilustrazioz lagunduta argitaratu da lana. Estilo guztietan aritutako argazkilariak opatu daitezke liburuaren 660 orrietan: argazkilaritza klasikoa, erreportajea, moda, publizitatea, artxiboa, prentsa, erretratua, arkitektura eta paisaia. Estatuko argazkigintzaren panoramika eskaini nahi du lanak.
Miguel Goikoetxea de Jorge
Liburuan jasotzen diren lan eta biografien artean Migel Goikoetxea de Jorgerena dago (Altsasu 1894-Iruña 1983). Lizarrako gurasoak Burundara bizitzera etorri ziren, Baina bera haurra zela Iruñera lekualdatu ziren. 1914an anaia Eduardorekin batera Bordelera joan zen, 1916 edo 17ra arte han bizi izan zen. Bordelen ezagutu zituen kopia pigmentatuen edertasunak harrituta, handik argazkilari izateko erabakiarekin bueltatu zen.
Altsasuarrak piktorialismoa landu zuen. Hau da, argazki egin ondoren esku sartu eta pinturaren berezko itxura ematen zion. Teknika horretan ordezkari nagusietako bat izan zen. Datatuak dauden bere aurreneko argazkiak 1917koak dira, Bordelen egindako egonaldi baten ondoren eginak. Hasierako argazki gehienak estereoskopikoak dira. Baina berehala hasiko zen teknika piktorialistarekin, pigmentu-prozesuekin esperimentatzen. Bere ibilbidean teknika horren arlo guztiak landu zituen.
Iruñera joan zen bizitzera. Argazki-lanek laster sariak eta aitortza ekarri zioten, estatuan eta nazioartean. 1920 eta 1936 artean sorkuntza handieneko garaia izan zen eta bere lanak Madril, Zaragaoza, Bartzelona, Paris, Milan eta Londresen erakutsi zituen bere lanak. Orduko argazkilari piktorialista garrantzitsuenekin harremana izan zuen. Hainbat aldizkaritan parte hartu zuen.
Baina gerra bukatzean eta ama hil ondoren Goikoetxeak bizitza soziala mugatu eta bere baitan bildu zen eta bere lanean eragina izan zuen: paisaia eta eszenen tokia estudioko erretratuek hartu zuten. Bergamin kaleko etxeko dorretako batean zuen estudioan egiten zituen argazki horiek.