Alderdi sozialistak otsaila akaberako plenoan bere bi aulkiak beteak ikusiko ditu. Izan ere, kredentziala iritsiz gero otsailaren 27ko udal bilkuran David Medinak kargua hartzea espero da. PSNk hauteskundeetara Altsasun aurkeztutako zerrendako azkena da Medina. Aurretik zituenak uko egin diote kargua hartzeari. David Medina Sakanako UGTko arduraduna da eta Braulio Salvadorrekin batera beteko ditu sozialisten aulkiak.
Legegintzaldi mugitua
2011ko udal-hauteskunde zerrendak osatzerakoan sortu zen gatazka Altsasuko Talde Sozialistaren eta Iruñeko zuzendaritzaren artean. Altsasutik proposatutako zerrenda betatu egin zuten Iruñean eta Maria Jose Notario buru zuen beste zerrenda bat onartu zuen, independente askorekin.
2012ko ilbeltzean Maria Jose Notariok dimisioa eman zuen eta Javier Donlo zinegotziak bere karguan segitu zuen, baina azaroan gaixotasunagatik baja eskatu zuen. Zenbait hilabetez PSNko ordezkaririk ez da udalean izan, harik eta joan den urteko garagarrila akaberan Braulio Salvador Calvok (zerrendako bosgarrena) Donloren tokia bete arte. Hala ere, Altsasuko Talde Sozialistak iraila hasieran Salvadorri alderdian baja emateko eskatu zuen, zinegotzia “aldebakarrekotasunez” jokatzen zuela iritzita.
Eskaera hori ez dute Iruñean bete. Altsasuko Talde Sozialistako kide Juan Miguel Perez Hurtadok esan digunez, nahiz eta zerrendan joan Medina gertukoa dute eta erabakiak taldeak hartu behar dituela badakiela azaldu digu.