Zinematik bizitza duinago batera

Guaixe 2014ko otsailaren 14a

Helburu hori dute Figurantes antzezlaneko protagonistek. Lortuko ote dute? Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean

Asier Hormaza eta Oskar Terol aktoreek Euskal Herri “sakoneko” herri batean bizi diren bi pertsonaren papera jokatuko dute bihar Altsasun. “Berezko euskal zaporea” jaso nahi duen zinema ekoizpen bat iritsiko da herrira, bertako lasaitasuna nahasiz eta herria eraldatuz. Gure bi gizonak extra izateko kontratatu dituzte, ospetsu izateko edozer gauza egiteko prest baitaude, uste baitute hala bizi hobeagoa, duinagoa lortuko dutela. Hala, egoera barregarri eta eldarniozkoak sortuko dira.

Bi aktoreak 14 pertsonaiaren larruan sartuko dira eszenatokian eta haien bidez hainbat egoeraren berri emanen dute. Bi pertsonaiak zinema bere egiten saiatuko dira, nahiz eta jakin aldi baterako besterik ez dituztela kontratatu. Euren ametsak gauzatu nahi balituzkete bestelako ahalegin txiki batekin lortuko luketela ohartzea falta zaie biei ere. Beraz, zinemaz baino duintasunaz eta jendearen ametsez hitz egiten digun obra da Figurantes. Lanaren ardatza aktoreen egitekoa da. Eta erronka horri gogoz heldu diote Hormazak eta Terolek.

Fitxa
Egilea: Marie Jones.
Egokitzapena: Jose Antonio Vitoria eta Garbi Losada.
Aktoreak: Asier Hormaza eta Oscar Terol.
Zuzendaria: Carlos Zabala.