Larunbatean, 10:00etan Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean da hitzordua
Ibarreko jendartea aktibatzeko tresna bezala ikusten du bere burua Sakantzen Sareak. Jendea aktibatuz, pentsaera pasibo batetik proaktibo batera pasaz, Sakanan bizi dugun krisi egoerari aurre egiteko modua dagoela uste dute sareko kidek. Sakandarrak aktibatzeko asmo horretarako Sakantzen Sareak, tresnak, zer nolakoa izan behar duen zehazteko IV. Lan Jardunaldi Irekiak antolatu ditu sareak biharko Altsasun.
Jon Ijurrak esan digunez, “sarean ikuspuntu bat dugu. Baina kanpokoen ikuspuntua jaso nahi dugu”. Horregatik, sarea eraiki edo zerbait eraikitzailean parte hartu nahi duten sakandarrei biharko hitzorduan parte hartzeko gonbitea luzatu die Ijurrak. Sakantzen Sareko kideak azaldu digunez, joan den urteko ibilbidearen errepasoa eginen dute bihar eta, horrekin batera, helburuak lortzeko erronkak zein izan daitezkeen ere zehaztuko da.
Ispilua
Sarearen moduko erakunde bat sortu da Zumarraga, Urretxu eta Legazpi aldean. Sortzen izena duen lantalde horren funtzionamendua eta irizpideak azalduko dituzte goierritarrek. Ijurrak esan digunez, sakandarrek bihar egiten dituzten ekarpenen eta gipuzkoarren esperientziatik onena jaso eta sarearen orain arteko onenarekin osatu nahi luke bere etorkizuneko jarduna Sakantzen Sareak. “Sakanan tresna bat dugu, Sakantzen Sarea. Nola eta zergatik erabili zehaztuko dugu”, laburbildu du Ijurrak. Biharkoak Sarearen etorkizuneko jarduna bideratuko du. Hiru egitasmoren berri emateko baliatuko du aukera sareak.