Bi altsasuar irisgarritasun osoa eskaintzen duen aterpearen proiektuaren kide

Maialen Huarte Arano 2014ko otsailaren 21a

Gure Sutraiak aterpe irisgarri eta jasangarria martxan da Ollon. Proiektuaren parte dira Leire Rivas Jorge eta Joseba Bustamante sakandarrak

Herritar guztiek turismoaz eta ingurumenean egin daitezkeen ekintzez gozatzeko aukera eskaintzea da Gure Sustraiak aterpeak eskainiko duena. Irisgarritasun guztia dute aterpeko instalazioek: “Berdin da pertsonek zein behar dituzten, zein urritasun duten, guztiei zabalik baitago eta guztiek erabiltzeko moduan eraikia baitago aterpea”, azaldu dute Leire Rivas eta Joseba Bustamante Gure Sustraiak aterpearen proiektuko bultzatzaile eta kideek.

Aterpea 80 pertsonentzako dago egina. Horietatik, irisgarritasun unibertsala 24 lagunei eskaintzen ahal zaie. Beste 26 logelek literak dituzte eta bestelako beharrak dituztenentzat erabilgarri daude. “24 ohatze dira irisgarritasun osoa eskaintzen dutenak eta beste 26k zentzumen edo adimen urritasuna dutenentzako, besteak beste, itsu edo gorrentzako bereziki prestatuak”.

Egokituak daude logelak eta baita aterpeak dituen beste guneak ere. Zabalera handikoak dira denak. Nahikoa espazioa dute. “Gurpildun aulkiak sartzeko arazorik ez dago, batez ere, komunak oso ongi prestatuak eta egokituak daude”, azaldu du Rivasek. Ez dago trabarik, mugarik; dutxak eta komunak koskarik gabe diseinatuak daude. Nafarroako Irisgarritasun Unibertsalaren Elkartearekin egin dute proiektua, zehaztu dituzte baldintzak eta betebeharrak.

Oztoporik gabe
Urritasuna ez dadila muga izan. Horixe izan du Gure Sustraiak aterpearen proiektuak helburu. Eta eskaintza ere halakoa da. Urritasun fisikoa zein sentsoriala izanda ere, turismoa egiteko edota bestelako ekintzak gauzatzeko aukera eskaintzen dute.

Aterpera iritsi bezain pronto, itsuek braile hizkuntzaz idatzitako gida dute. Berehala jakinen du edonork zer nolako eskaintza dagoen aterpean. Sartu eta berehala, lurraren bitartez egin dezakete bidea ikusmen arazoak dituztenek, podotaktila baita zorua. Seinale akustikoak ere badituzte eta aterpearen barruan braile hizkuntza seinale guztietan.

Gorrendako, argi bidezko seinaleak dituzte. Kolore ezberdinez baliatuko dira adierazpen bat edo beste egiteko: “Hiru seinale nagusi daude; gorria emergentzietarako, otorduak iragartzeko kolore berdea piztuko da eta ezein ekintza iragartzeko, kolore zuria piztuko da”.

Logeletan eta jantokian dituzten zeinu horiek guztiak. Komunetan gainera, emergentzia seinaleak daude, soka luze bat, lurreraino iristen dena, tiratuta, bulegoan eta harrera gunean jasoko dute abisua eta larrialdia sortu den tokira joanen dira berehala. Logeletan ere bada beste seinale bat abisua bidali ahal izateko.

Baloreak ikasgai gisa
Gure Sustraiak kooperatibaren lanak zer ikusi handia du Gure Sustraiak Baserri eskolak duenarekin. “12 urte daramatzagu ingurumen hezkuntzan, pertsona guztientzako lanean. Behar bereziak dituztenei baloreak eta ingurumenarekiko eta animaliekiko harremana sustatzea da gure eskaintza”. Aterpeak ere helburu hori bera du, pentsioa eskaintzearekin batera. Horixe da hain zuzen Rivas eta Bustamanteren lana; baloreetan hezi eta irisgarritasunaren bitartez ahalik eta herritar gehienei egitea eskaintza hori.

Aterpe turistikoa baino gehiago da Gure Sustraiak, hortaz. Pentsioa eta logelak dituzte aukeran. Baina, ekintzak ere eskaintzen dituzte: baserriko egunerokoarekin lotura dituztenak eta ingurumenarekin harremana dutenak. Baita kirola ere, egokitua norberak izan dezakeen urritasunera.  “Ideia sortu zen, behar bereziekin lanean ari ginelarik, ikusten genuelako, ordura arte genuen aterpea ez zela irisgarria, gure proiektua ez zela pertsona guztiengana iristen. Muga genuen eta aterpe berria sortzeko beharra nabaritu genuen”.

Aterpean, 9 bazkide eta beste hiru langile ari dira lanean. “Beste bost gazte ere ari dira gure proiektuan. Adimen urritasuna duten bost gazte dira, eta gurekin bizi dira. Bizi proiektua da beraientzat. Eta proiektuaren parte dira”.

Gure Sustraiak aterpea zabalik dago jada,  martxan dago, baina jendea eta taldeak martxotik aurrera hasiko dira artatzen. “Etxea janzten ari gara oraindik, azken ukituekin”.