Zelandi kiroldegiak fisioterapia eta masaje zerbitzua izanen du

Guaixe 2014ko otsailaren 24a

Hura eman nahi dutenak martxoaren 11ra arte aurkeztu ditzakete eskaintzak kiroldegian

Atabo Altsasu SL enpresaren bidez Altsasuko Udalak Zelandi kiroldegian igerileku estaliak eta gimnasio zerbitzuak eskaintzen ditu gaur egun. Bada, maiatzetik aurrera fisioterapia eta masaje zerbitzua eskaintza berria izanen du. Zerbitzu hori kontratatzeko Atabo Altsasu enpresa publikoak deialdia egin du. Fisioterapeuta titulua duten pertsona guztiak aurkeztu daitezke deialdi horretara. Eskaintzak jaso eta puntu gehien jaso dituenari emanen dio udalak zerbitzua.

Fisioterapia eta masaje zerbitzua emateko Zelandi kiroldegian gela bat egokitzea aurreikusi du Atabo Altsasu enpresak. Zerbitzua kiroldegiko bazkideek eta bazkide ez direnek erabiltzeko aukera izanen dute. Azken horiek garestiago ordainduko dute. Zerbitzua ematen dutenean jakinaraziko dituzte egunak eta ordutegiak.