Udala zinegotzi guztiekin

Guaixe 2014ko otsailaren 27a

David Medina eta Braulio Salvador zinegotzi sozialistak atzoko bilkuran.
Bi urte hutsik egondako aulkia bete dute sozialistek Medinarekin

Atzo egindako bilkuran David Medinak zinegotzi kargua hartu zuen. Hala, bi urtez hutsik egon den aulkia bete du alderdi sozialistak. PSNk hauteskundeetara Altsasun aurkeztutako zerrendako azkena da Medina. Aurretik zeudenak udal ardura hartzeari uko egin diote. David Medina Sakanako UGTko arduraduna da eta Braulio Salvadorrekin batera zinegotzi sozialistak dira Altsasun.

Legegintzaldi mugitua
2011ko udal-hauteskunde zerrendak osatzerakoan sortu zen gatazka Altsasuko Talde Sozialistaren eta Iruñeko zuzendaritzaren artean. Altsasutik proposatutako zerrenda betatu egin zuten Iruñean eta Maria Jose Notario buru zuen beste zerrenda bat onartu zuten, independente askorekin.

2012ko ilbeltzean Maria Jose Notariok dimisioa eman zuen eta Javier Donlo zinegotziak bere karguan segitu zuen, baina azaroan gaixotasunagatik baja eskatu zuen. Zenbait hilabetez PSNko ordezkaririk ez da udalean izan, harik eta joan den urteko garagarrila akaberan Braulio Salvador Calvok (zerrendako bosgarrena) Donloren tokia bete arte.

Altsasuko Talde Sozialistak Salvadorri alderdian baja emateko eskatu zion zuzendaritzari iraila hasieran, zinegotzia “aldebakarrekotasunez” jokatzen zuela iritzita. Baina ez da halakorik gertatu. Altsasuko Talde Sozialistatik adierazi digute, zerrendan joan arren Medina gertukoa dutela eta erabakiak taldeak hartu behar dituela badakiela.