Dora Salazarren unibertsoa antzerkira

Guaixe 2014ko mar. 6a, 11:05
Garbi Losadak idatzitako eta zuzendutako Dora Salazar artistaren lanaren berrikuspen eszeniko bat mustu du Ados Teatroak.

Ados Teatroak otsailaren 23an mustu zuen Errenterian bere azken muntaia: Maitasunaren ostean, maitasuna. Garbi Losadak idatzi eta zuzendu du obra Dora Salazarren iruditerian oinarrituta, sortzaile altsasuarraren “unibertsoaren berrikuspen aske eta subjektibo bat” osatuz. Baina Losadak eta Salazarrek elkarlan estuan sortua.  

Antzerki konpainiak mihise tridimentsional baten moduan tratatu du eszenatokia. Elementu bertikalak (mihiseak) eta lurrekoak material berarekin eginak dira. Gardentasun, sakonera eta perspektiba jokoa ahalbidetzen du. Aldi berean, oihalak mugikorrak dira eta espazio ezberdinak sortzen dira horrela. Mihise horietan Salazarren obra proiektatzen da eta aktoreak artistaren eskulturekin harreman zuzenean daude.

Antzezlana
Losadak hiru ahotsetako maitasun istorioa proposatzen du: “panpin errusiarrak bailiran kontatua, non istorio batek beste istorio bat gordetzen duen, eta honek beste bat… Iragana eta etorkizuna elkarri lotzen zaizkio”. Beti ere, Dora Salazarren lana oinarri harturik.

Protagonista Aurora da. 60 urteko matematika irakasle jubilatua eta alarguna. Alzheimerra du, baina irakurtzeko eta idazteko gai da. Bere gaixotasunaren argi-ilunetan bizi da. Paula bere alaba da. Batzuetan iraganeko itzalekin nahasiko du eta horrela jakinen du Paulak bera txikia zela amak ezkutuko maitasun istorioa izan zuela. Ane Gabarain, Dorleta Urretabizkaia eta Sara Cozar aktoreak aritzen dira taula gainean.