Hodei Mazkiaran 11.a kilometroko proban

Maider Betelu Ganboa 2014ko martxoaren 3a

Munduko Pista Txapelketak jokatu dira Calin. Kilometroan 11.a izan zen altsasuarra, eta taldekakoan 9.a

Colombiako Calin jokatu dira Munduko Pista Txapelketak. Hodei Mazkiaran altsasuarra izan da Espainiako pista selekzionatzaile Salvador Meliák hautatutako pistardetako bat. Altsasuarrak asteazkenean taldekako abiadura proban hartu zuen parte, Juan Peralta eta Jose Morenorekin batera. Hirukotea 9. postuan sailkatu zen, diploma lortzeko postu eskas batera.

Ostiralean kilometroko proban aritu zen Hodei. François Pervis frantziarrak urrea lortu zuen, 59-385 denborarekin. Altsasuarra 11.a sailkatu zen, 1-02-041 denborarekin. Kilometroan behetik gora egin zuen Mazkiaranek eta alde horretatik kontentu zegoen altsasuarra. “Ez dirudi emaitza handia baina sorpresa positiboa hartu dut, gure arerio zuzenek segundo bat baino gehixeagoko aldea soilik atera diotelako” adierazi du Salvador Meliá selekzionatzaileak. Hortaz, Calin egindakoarekin kontentu etorri beharko da Mazkiaran.