Martxoaren 8ko egitaraua aletzen

Guaixe 2014ko martxoaren 7a

Emakumearen Bilguneak hiri inauterian ere berdintasuna aldarrikatzeko deia egin du.

Bihar mozorroan lazotxo morea jartzeko gonbitea egin du. Eta festa giroko erasoen kontra azaldu da, gogoraraziz ezezkoak ezetz esan nahi duela. Bestalde, domekan, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako gonbitea luzatu dute Emakumearen Bilgunetik. Intxostiapunta gazte gunean nolakoa da zure mutil eta neska ideala? gaiaren inguruan hizketatuko dira, 18:30etik aurrera.

Asteazkenerako literatura solasaldia dago iragarria. Isabel Lizarraga idazlea 19:00etan etorriko da Iortia kultur gunera eta La canción de mi añoranza liburua irakurri duten irakurle taldeko kideekin hitz eginen du. Gainera, Isabel Oyarzabal zenari buruzko argibideak emanen ditu egileak.

Martxoaren 16ko eguerdirako berdintasunaren aldeko lasterketa antolatuta dago Altsasun. 4 km-ko ibilbide ez lehiakorra osatzeko gonbitea egin diete emakumeei. Izen ematea doakoa da. www.dantzalekusakana.com web gunean egin daiteke edo egunean bertan 11:30etik aurrera.