Basak zer toki du gure bizitzan?

Guaixe 2014ko martxoaren 12a

Galdera horri erantzuten dioten arte garaikideko obrak Altsasuko Iortia kultur gunean ikusgai izanen dira.

Laugarren urtez jarraian Zangozako, Noaingo eta Altsasuko kultur guneek Post, arte garaikidea ibiltaritzan erakusketa antolatu dute. Kalitatezko arte garaikidea herrietara ekarri nahi duen ekimenak eta, horretarako, Post 2014k diziplina anitzeko erakusketa kolektiboa ondu dute. Greta Alfaro, Bego Antón, Naia Del Castillo eta Cristina Lucasen lanak biltzen dira Saiak, elfoak, mariorratzak, gizonak eta emakumeak izenburuko erakusketan.

Lau sortzaileek galdera bati erantzun diote erakusketako lanak sortzeko: gure bizitzetan zein toki du edo izan zezakeen basak? Izan ere, pertsonak eta naturak banatu dituzten egoerak daude, esaterako: hirietatik natura elementuak ia desagerrarazi direla; norberaren barruko animalia sena hiritar proiektuaren onetan isilarazi dela edo pertsonen, animalien eta naturaren arteko harremanaren akabera.

Arrazoi horietan oinarrituta lau sortzaileek galdera erantzun dute. Hala, erakusketak zibilizazioaren eta naturaren arteko joan-etorria proposatzen du. Batzuetan natura gainditzen da, edertasunagatik, esaterako, baina beste batzuetan pertsonaren jarduna zurrupatzen dute. Bi bideo, argazki serie bat eta instalazio bat ikusteko aukera izanen da Iortia kultur gunean. Haietan dauden irudi eta objektuetan fikzioa eta errealitatea nahastu egiten dira.

Egileak
Greta Alfaro (Iruña, 1977). In ictu oculi (2009), (instant batean). Bideoa, 10:35. Jokabide sozialen inguruko hausnarketa, baita bizitzaren hauskortasunari buruzkoa.

Bego Anton (Bilbo, 1983). The earth is only a little dust under our feet (gure oinen azpian lurra hauts txikia besterik ez da). Izaki magikoak opatzeko egindako bilaketa baten berri ematen da.

Naia del Catillo (Bilbo, 1975). Desplazamientos, 2010-2012. Instalazioa. Naturarekin dugun harremana eta hari egindako aldaketa kontsumo objektu bihurtzeko.

Cristina Lucas (Jaen, 1973). Hacia lo salvaje (2011). Bideoa, 16. Gizartearekin eta zibilizazioarekin dituen loturak hautsi nahi duen emakume batek hasitako lege bidea.

Erakusketa
Gaur mustuko da eta apirilaren 5era arte izanen da ikusgai; astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domekan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.