Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren ildora, hainbat ekitaldi antolatu ditu Altsasuko Udalak, Emakumeen Bilgunearen bitartez. Tartean, eta nobedade moduan, igandean, hilak 16, 12:00etan, abiatuko den Lilasterketa dago, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubaren eta DYA-ren laguntzarekin antolatutakoa. Aurreko igandean Donostian antolatutako Lilatoia eredu hartuta, Altsasun emakumeen lasterketa bat antolatu nahi izan dute eta etzi zapatilak, patinak edo dena delakoak jantzi eta kalera ateratzera animatu dituzte emakumeak.
Emakume guztiek egiteko moduko proba
Izan ere, berdintasunaren aldeko lasterketa hau ez da proba lehiakorra izango. Korrika, oinez, patinetan, bizikletan… norberak ahal duen moduan proba egiteko aukera izango du, helburua emakumeen parte hartzea sustatzea delako, 0-99 urte bitarteko emakumeena. Probak San Silbestrearen ibilbide bera izango du, 4 km ingurukoa, Foru plazatik aterata. Bukaeran parte hartzaileendako hamaiketakoa izanen da.
Izena ematea
Izena ematea dohainik da. Aurretik www.dantzalekusakana.com web orrian, eta egunean bertan, igandean, 11:30ean, Gure Etxean.