Duatloiaren ikuskizunaz gozatzeko aukera paregabea dago bihar, larunbatean, Altsasun, Sakana Triatloi Taldeak hainbat entitate eta babesleen laguntzarekin antolatutako IV. Razesa Duatloi Sari Nagusia jokatuko baita. Goizean, 10:50ean, kategoria txikikoak ariko dira lehian, Nafar Kirol Jokoetarako (NKJ) baliagarria den proban, eta arratsaldean, 16:00etan, proba nagusia jokatuko da. Altsasuko duatloia Nafarroako eta Euskadi-Nafarroako Zirkuituetarako baliagarria da.
10:50ean kategoria txikikoak, Txiokan
Kategoria txikikoak Txioka haur ikastolaren inguruetan prestatutako zirkuituan lehiatuko dira. Aurrebenjaminak 10:50ean hasiko dira, benjaminak 11:10ean, kimuak 11:30ean eta haurrak 12:20ean. Juniorrek eta kadeteek helduen proban parte hartuko dute.
16:00tan helduak: 5 km-22 km-2,5 km
IV. Razesa Duatloi Sari Nagusia arratsaldeko 16:00tan abiatuko da Foruen Plazatik. 16:00etan emakumeak abiatuko dira eta 16:15ean gizonezkoak. Altsasuko herri gunean prestatutako 2,5 km-ko zirkuituari bi bira eman beharko diote korrika duatletek, segidan Iortia Kultur Gunearen aurrean dauden boxetan, trantsizio gunean, bizikleta hartu eta 22 km-ko distantzia osatzeko. Aurten bizikleta ibilbidea berria izango da: hasieran Olaztirano joko dute duatletek, Urbasako portua igotzen hasi, eta Altamirako bidegurutzean beherako bidea hartuko dute, Altamira jaitsiz. Altsasu zeharkatuta NA-1000 errepidean aurrera egingo dute, Zegama Ortzaurteko bidegurutzeraino. Bertan buelta osoa hartuko dute, Altsasuko boxetara joan arte. Bukatzeko, bizikleta utzi eta 2,5 km-ko zirkuituari bira bat eman beharko diote korrika, Foruen plazako helmugara iristeko0.
Aurreko urtean 197 duatleta aritu ziren proba nagusian eta Raul Amatriain eta Nuria Rodriguez izan ziren azkarrenak. Kategoria txikikoetan 90 duatleta lehiatu ziren. Atzo Guaixeko erredakzioa ixterakoan Nafar Kirol Jolasetan 130 duatleta eta helduen proban 127 duatleta zeuden izena emanda.
Proba bitartean edari hornidura izango dute eta bukatzerakoan, helmugan, edari eta janari hornidura izango da. Dutxak Zelandi kirol gunean izanen dituzte eskura.
Sariak
Lehen gizonezko eta emakumezkoak: 200 euro + garaikurra
Bigarren gizonezko eta emakumezkoak: 125 euro + garaikurra
Hirugarren gizonezko eta emakumezkoak: 75 euro + garaikurra
Lehen juniorrak, lehen 23 urtez azpikoak, lehen beteranoak eta lehen sakandarrek (gizonak eta emakumeak) trofeoa jasoko dute. Talde onenak saria jasoko du.
www.navarratriatlon.com
Izena ematea eta probaren informazio guztia. Informazio gehiago www.dantzalekusakana.com web gunean.