Konponbide prozesuarekin “konpromiso osoa” adieraztearekin batera “azken iheslaria etxean izan arte babesa eta laguntza” emateko asmoa adierazi zuten. Iheslarien kolektiboak garagarrilaren 15ean Miarritzen egindako adierazpenaren garrantzia nabarmendu zuten. Aldi berean, azken 50 urteetan gertatutakoa (gerra zikina, jazarraldiak, deportazioa, babesgabetasun juridikoa, tortura, gutxieneko bizi-baldintzarik eza) kontatzea beharrezkotzat jo dute.
Iortia kultur gune kanpoko aldean Covite biktimen elkarteko kide Consuelo Ordoñez, Laura Martin eta Concepcion Fernandez izan ziren. Iheslarien aldeko ekitaldiko antolatzaileei argitu gabeko ETAren hilketen zerrenda eman zieten. Coviteren arabera 400 hilketa daude argitu gabe. Ordoñezen iritziz artxibatutako auziak “inori ez zaizkio interesatzen. Justiziarik ez badago, duintasunik ez dago”.
Larunbat goizean Guardia Civilaren presentzia handia izan zen Altsasu. Hainbat tokitan patruilak geldi egon ziren eta herri inguruan ere kontrolak izan ziren.