Ikasle greba hezkuntza erreformaren eta bestelako neurrien kontra

Guaixe 2014ko martxoaren 27a

Hezkuntza eredu “propioen” alde egin dute Ikasle Abertzaleek.

Espainiako Gobernuak sustatu duen hezkuntza erreformaren kontra protesta egiteko greba eguna dute gaurkoan hezkuntzan, Ikasle Abertzaleak erakundeak deituta. LOMCE Legearen eta bestelako neurrien bidez “inposatu” nahi dizkieten neurriak eteteko eskatu dute gaur ikasleek. Esaterako: unibertsitateko tasen igoerak, hezkuntza publikoko murrizketak, beken murrizketak edota euskaraz ikasteko trabak. Deialdiak irakaskuntza arloko makina bat sindikatu eta eragileren babesa jaso du.

Sakanako DBH 3. eta 4. mailetakoak, batxilergokoak, Lanbide Heziketakoak eta unibertsitateko hainbat ikasle dira deialdiarekin bat egin dutenak. Goizean Altsasun 200 bat gaztek manifestazioa egin dute, zapalkuntzaren aurrean ikasleak borroka pankartaren atzean. Guardia Civilak gertutik zaindu du ikasle manifestazioa. Altzania kalean bi agente manifestazio buruan jarri eta ikasleren bat identifikatzen saiatu dira, baina ikasleek aurrera egin dute.

San Juan eta Zelai kaleen bidegurutzean 10 Guardia Civilek bidea itxi eta pankarta kendu diete ikasleei. Bakarren bat identifikatzen saiatu dira baina ez dute lortu, batek hanka egin duelako eta baztertuta zuten gazte baten ondoan jarri direlako gainontzekoak, herri harresi modukoa sortuz. Hizketaldi baten ondoren ikasleek mobilizazioa espaloitik joanez bukatu dute Foru plazan. Autobusez Iruñeko manifestaziora joan dira. Altsasun, 19:00etarako, beste deialdi bat egina dago.