Atabo-Altsasuko langileek bi urteko lan hitzarmena sinatu dute

Guaixe 2014ko martxoaren 27a

Lan erreformaren aurrean lan baldintzak “blindatu” dituztela adierazi dute ELAtik

Sindikatuaren iritziz afiliazioa eta antolakuntza ezinbestekoak izan dira akordioa lortzeko, baita udalaren borondatea

Aurtengo eta heldu den urterako lan hitzarmena sinatu dute Altsasuko kiroldegia kudeatzen duten enpresa publikoko langileek. Atabo-Altsasu SL enpresak 15 langile ditu eta ELAk du ordezkaritza. Sindikatutik jakinarazi dutenez, “langileen eros ahalmena bermatu eta lan erreformaren efektuak neutralizatu dira akordioarekin”.

ELAko ordezkariek jakinarazi dutenez, mugagabeko ultrajarduera bermatu da, aldebakarrekotasunez ezin izanen du hitzartutakoa betetzeaz utzi, ez da malgutasunik izanen eta enpresa publikoaren bidezko kudeaketa bermatzen da. Zerbitzua pribatizatuko balitz langileak beste enpresa batera pasatuko lirateke. ELAtik azaldu dutenez, langileek KPI erreala gehi %1eko soldata igoera izanen dute. Gainera, oinarrizko soldataren gainean %10eko plusa jasoko dute 10 urteko antzinatasuna dutenek. Lanaldia zortzi ordutan murriztu dute ere.